ELAk salatu du Bizkaibuseko langileak tentsio egoerak eta erasoak pairatzen ari direla Lemoako kotxera inguruan

2019/06/07
ELAren Pesalur enpresako atal sindikalak salatu du asteburuetan la Flecha industrialdean, Bizkaibuseko linea ugariren abiapuntuan, gertakari larriak ari direla gertatzen, diskoteka bat inguruan delarik. Pesalur enpresak Bizkaibuseko linea batzuren ardura du.

Arazoak pilatzen ari dira, eta azken asteetan larriagotu egin dira: hitzezko erasoak (irain eta mehatxuak) eta fisikoak (autobusen leihoak apurtu edo jotzea). Sarri errepikatzen diren egoera hauek salatu ditugu, izan ere, tentsio egoera kezkagarriak gertatzen baitira, eta hauek arriskuan jartzen dute langileen nahiz zerbitzu honen erabiltzaileen segurtasuna.

Arazoaren berri eman zaio Bizkaibusen zerbitzua eskualde horretan ustiatzen duen enpresari. Honek erantzun du ezagutzen duela egoera, eta Aldundiari zein Ertzaintzari jakinarazi diola, baina langileek ez dute ikusi konponbiderako erabakirik hartu denik; hau egin ezean egoera larriren bat gerta daiteke azkenean.

Horregatik, Pesalurreko ELAk eskatu die enpresari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio sailari har ditzala beharrezko erabakiak egoera hauek gerta ez daitezen, arrisku larrian jartzen baitituzte langileak eta zerbitzua.