ELAk Lemoan gertatutako azken lan istripu hilgarria salatzen du

2017/10/31
ELAk gaur goizean, 12:30etan Cementos Lemona S.A. enpresan izandako istripu hilgarria salatu nahi du. Bertako langile bat, silo baten barruan erortzean hil egin da, FCC AMBITO enpresak azpikontratatutako langile bat, hain zuzen ere. 2017. urtea hasi zenetik, 50 langile hil dira beharrean Hego Euskal Herrian.

ELAk ikerketa egitea exijitzen du gertatutakoaren kontuak argitzeko. Era berean, eta sindikatutik sarri salatzen dugun bezala, beste behin ezinbestekoa da adieraztea azpikontratazioa, segurtasun neurririk eza, lan baldintza eskasak eta lan erritmo gogorrak izan ohi direla lan istripuen atzean izaten diren faktore nagusiak. Hauek zeharo ugaritzen dituztelan istripu larria edo hilgarria sufritzeko aukerak

Mota askotako lan prekarietateak eragina zuzena du lan-istripu kopuruetan. Kasu honetan, berriro ikusten dugu nola azpikontratatutako langile batek istripu hilgarria sufritzen duen.

Aurtengo datuek argi eta garbi erakusten dute errealitate hau: 2017an astero langile bat hil egiten da. Hauxe nahiko izan beharko zen bai Instituzioak baita Lan Autoritateek ere prebentzio eta osasun laboralaren politika zeharo aldatzeko. Erakundeek lehentasuna eman behar diote gai honi. Bide horretan, enpresei exijitu behar diete prebentzioarem araudia errespetatzea. Giza baliabideak, prestakuntza eta materialak martxan jarri behar dira, baita ikuskaritza eta kontrolak handitu ere. Ezinbestekoa da segurtasunean dauden gabeziak kontrolatzea eta kontratazioetan atzematen den iruzurra zigortzea.

ELAk doluminak eman nahi dizkie hildakoaren senide eta lagunei. Halaber, gehiengo sindikalak ostegunean goizeko 11etatik ordu batak arte deitu duen kontzentrazioan parte hartzeko deia egin nahi du. Gainera, Cementos Lemoako langileek 24 orduko lanuztea egingo dute istripu hilgarri hau zalatzeko.