ARANDIA ERRESIDENTZIA (ARRIGORRIAGA)
Lanerako materialik gabe eta soldatak berandu kobratzen jarraitzen dute

Arrigorriagako (Bizkaia) Arandia egoitzako langileak, Domus VI taldekoak, berriro bildu dira egoitzaren aurrean, salatzeko lanean jarraitzen dutela beren segurtasuna eta osasuna bermatzen ez diren baldintzetan. Azken asteetan egoera are gehiago okertu da eta lan istripu bat gertatu da igogailu baten egoera txarrak eraginda.
ELAk dio erresidentzian langileak falta direla (ez dira bajak eta oporrak ordezkatzen) eta lan osasunaren arloan neurririk hartu gabe jarraitzen dutela. Hala, lanerako materiala falta da, eta dagoen materiala egoera txarrean dago: eskularruak, garabiak, aldagelak, igogailuak... Era berean, oraindik atzerapenak dituzte soldaten ordainketan, eta ez diete ordaindu eta ez diete utzi lan egindako jaiegunez gozatzen.
Langileek adierazi dutenez, abenduan, Iparraldeko Lurralde Zuzendariarekin egin zuten lehen bilera hartatik ez dute haren berririk izan, ezta zuzendaritzako beste inoren berririk ere.
Egoera horren aurrean, datozen hilabeteetan mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute, arrisku psikosozialen ebaluazioaren emaitzen zain.