ALDETU S.A. (LEMOA)

ELAk eta LABek greba mugagabea deitu dute

2025/07/07
Bi sindikatuek Enpresa Batzordearen gehiengoa osatzen dute (3 ELA, 1 LAB, 1 USO), eta enpresari eta Konkurtso Administrazioari EREa kentzeko eskatu diete, horrek langileen erdia baino gehiago kaleratzea baitakar. Gainera, benetako bideragarritasun plan industrial bat eskatzen dute, lanpostuak eta lan baldintzak errespetatzea ekarriko duena.

Aldetu SA metaleko sektoreko enpresa bat da, Lemoan dago, eta automobilgintzan dihardu. 2024. urteaz geroztik hartzekodunen konkurtsoan dago, enpresako zuzendaritzaren kudeaketa negargarria dela eta. Konkurtsoan sartu zenetik, plantillaren egoerak okerrera egin du, besteak beste, Konkurtso Administrazioaren pasibotasunagatik, eta aholkulari berriek ez dutelako negozioa iraultzen jakin, lan karga egon den arren.

Aldetu likidazio fasean dago gaur egun, eta erosteko eskaintza jaso du Cikautxo S.Coop. enpresaren eskutik (Mondragon Korporaziokoa da). Hala ere, eskaintza horrek plantillaren erdia baino gehiago kaleratzea eta enpleguari eutsi diezaioketen langileen lan-baldintzak okertzea eskatzen du.

Langileak ez daude prest aurrekoa onartzeko, eta Konkurtso Administrazioak Merkataritza arloko Epaitegian ERE bat aurkeztu ondoren, ELAk eta LABek greba mugagabea deitu dute enpresan, uztailaren 8an hasiko dena.