ELAk euskal agintariei dei egin die Tubacexen suntsitu nahi dituzten 150 lanpostuei eusteko

2021/03/11
Indarrean dauden enplegu- eta industria-politikak aldatzeko eskatu die erakundeei, eta gogorarazi die badutela erantzukizuna Tubacexeko gatazkan. "Borondate politiko kontua da lan-erreformaren alde edo kontra egotea, gaur Tubacexen esku utzi baitute kaleratzeak gauzatzeko aldebakarreko erabakia", azpimarratu du. Laudio eta Amurrioko lantegietako langileak ari dira egoera pairatzen.

ELAk euskal erakundeei eskatu die Tubacexen aurkeztutako Enplegu-Erregulazioko Espedienteari aurre egitea. Horren negoziazioan zehar, euskal multinazionalak enpleguak suntsitzeko alegatutako arrazoi guztiak desmuntatu direla esan uste du sindikatuak, eta gogorarazi du gatazka ez dela soilik enpresaren eta langileen artekoa; beraz, Enplegu Sailak, Lan Ikuskaritzaren bidez, zeresan handia duela gatazka honetan. "Erantzukizuna bere gain hartu behar du, ezin ditu onartu enpresak kaleratzeak egiteko luzatutako arrazoiak , eskualdeko familien enplegua eta etorkizuna defendatu behar ditu".

Atzo, martxoak 10, akordiorik gabe amaitu zen kontsulta epea, baina ez gatazka, ezta greba ere. Une gogor hauetan Tubacexeko langileek jasotako babesa eskertu du ELAk, eta enplegua defendatzen azkeneraino jarraituko duela iragarri du. "Ez kontsulta epea bukatzeak, ezta kaleratzeak gauzatzeko azken erabakiak ere ez dute greba geldiaraziko. Lan-baldintza duinak eta enplegua defendatzen jarraituko dugu Airaldeko eskualdean", gaineratu du.