LEMOAKO KALE GARBIKUNTZA

ELAk hitzarmen berria lortu du, %15eko soldata igoerekin

2025/01/13
Soldata igoerez gain, akordioak lanaldi murrizketa, lanpostu hutsak betetzeko betebeharra, indarraldi mugagabea eta aplikatzeko bermeak ere jasotzen ditu.

ELAk lortu du Lemoako kale garbiketako langileentzat hitzarmen berria sinatzea. Seula SL enpresa azpikontratatuarekin lortutako akordioa hiru urteko indarraldia du (2024-2026) eta denbora horretan %15eko soldata igoerak jasotzen ditu. Gainera, langileek urtean bi larunbatetan soilik lan egingo dute, hau da, 45 larunbat gutxiago.

Lanpostu hutsak betetzeko, enpresak lanaldi partzialeko eta aldi baterako langileei eskaini beharko dizkie plazak. Hobekuntza guztiak akordio berrian jasota daude, haien aplikazioa bermatzen duen klausula batekin. Gainera, indarraldia amaitzerakoan beste hitzarmenik adostu arte indarrean jarraituko dute baldintzak.

ELAk hitzarmen berri honen garrantzia azpimarratu du, langileen baldintzen erregulazioa bateratzen duelako (orain arte lau hitzarmen desberdinek arautzen zuten). ELAk, halaber, nabarmendu du akordioa antolakuntza eta borrokari sindikalari esker lortu dela.