GUARDIAN GLASS LAUDIO
Eusko Jaurlaritzak saihestezintzat jo du labearen itzaltzea eta enpresaren itxiera

Laudioko Gaurdian Glass multinazionalak labea itzaltzeko erabakia hartu du gaur eguerdian, beira oraindik labe barruan zegoela. Guardianeko zuzendaritzak, enpresa batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako teknikariek ordubete baino gehiagoko bilera egin ondoren gertatu da labearen itzaltze prozesua. ELAk kritikatu du teknikariek ez dutela eragotzi labearen amatatzea, eta atzera bueltarik gabeko neurria dena, enpresa ixtera bultzatzen duena. ELAk salatu du, halaber, ez dela itzalaldi kontrolatua izan, baizik eta prozesu irregularra izan dela.
ELArentzat fartsa da gertatutakoa; izan ere, enpresa, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, labea itzaltzen ari da, Batzordeari txosten teknikorik aurkeztu gabe eta azken asteetan alegatzen dituzten matxurei buruzko informaziorik eman gabe. Gainera, ELAk deitoratu du labearen amatatzea Enplegu Erregulazio Espediente prozesuaren aurreko urratsa izan dela. ELAren ustez, labea itzaltzea greba eskubidearen aurkako erasoa izan daiteke. Izan ere, gaurko aurreikusita zegoen greba mugagabea labea piztuta mantentzea lortzeko, baina, azkenean, bertan behera geratu da, edukiz hutsik geratu delako.
Pradales lehendakariak Bruselatik adierazi duenez, “Guardianeko plantillari babesa eman” dio, baina bere Gobernuak justu kontrakoa egin du, ELAren arabera: erabateko sinesgarritasuna eman dio Guardian bezalako multinazional bati, lehen ere, iruzur eginez, Glavista ixteaz arduratu baitzen enpresa fantasma baten bidez. ELAk larritzat jo du Eusko Jaurlaritzaren jarduera, hirugarren inbertitzaileak bilatu eta langileak babestu dituela dioen bitartean, labea itzaltzea babestu eta gainbegiratu duelako.
ELAk babesa helarazi die Guardianeko langileei, eta enpleguaren defentsan egingo diren mobilizazio guztietan parte hartuko du, ostiral arratsaldean Laudion egingo den manifestazioarekin hasita.