BASAURI LOTURA-LINEA
ELAk kritikatu egin du lotura-lineak okerrera egin izana

ELAk salatu du Basauriko San Migel auzoa metroarekin eta udalerriaren erdialdearekin lotzen duen autobus linearen narriadura. Sindikatuak azaldu du autobus gidariek lan karga handiak dituztela, zerbitzua atsedenik gabe egiten baitute urtean 1.800 ordura iristen diren lanaldietan. Beste udal zerbitzu batzuek, hala nola Erandio Busek, Barkaldoko Kbusek, Bilbobusek edo Bizkaibusek, 1592 orduko lanaldiak dituzte urtean. Gai horrek langileen osasuna kaltetzen du.
Gainera, autobus flotak hogei urte baino gehiago ditu, eta ELAk adierazi du mantentze lanak ez direla nahikoak. Ez hori bakarrik, baizik eta Bizkaibus zerbitzutik arauz erretiratzen diren autobusak dira zerbitzu honetarako erabiltzen direnak, horrek dakarren arriskuarekin.
Basauriko Udaleko alderdi politikoek ELArekin ari dira bilerak egiten. Bertan, kalitatezko zerbitzu publikoaren aldeko apustua egiteko exijitzen die sindikatuak. Aurten amaituko da kontratua, eta, beraz, ELAk eskatu du Udalak hurrengo lizitazioan hobekuntzak ezartzeko, hala nola linearen maiztasun handiagoa, ibilgailu flota berri bat erostea eta ibilbidean aldaketak egitea. Era berean, lanaldia gainerako zerbitzuen parekoa izatea, urteko 1.592 ordukoa.
Basauriko lotura linea erreferentziazko zerbitzua da udalerrian, eta 2.000 pertsona garraiatzen ditu egunero, 700.000 joan-etorri urtean. ELAk borrokan jarraituko du kalitatezko zerbitzu publikoa finkatzeko, bai langileentzat, bai erabiltzaileentzat onurak ekarriko dituena.