Grafo

ELAk lanuzteak deitu ditu Basauriko enpresan izandako bost kaleratzeen aurka

2025/02/20
Sindikatuak uste du zuzendaritzak erabaki hori hartu duela langileak beldurtzeko eta arte grafikoen sektorean dagoen borroka baldintzatzeko. Izan ere, greba baten atarian daude

ELAk lanuzteak deitu ditu otsailaren 20an eta 26an Basauriko Grafo enpresan (Bizkaia) -kontzentrazioak izango dira 13:15etatik 14:15etara-, urtarrilaren 31n bost langile kaleratu zituztela salatzeko. Lanuzte horrekin bat egin du UGTko produkzio ordezkariak. Halaber, Grafo Taldeko Encover enpresako UGTko langileen ordezkaritza legalak ere bat egin du deialdiarekin.

ELAk kaleratutako langileak berehala onartzea eskatu du. Sindikatuaren ustez, kaleratuak izan dira gainontzeko langileak beldurtzeko eta grebak saihesteko. Izan ere, ELA aspaldi ari da zuzendaritzari aurre egiten langileen lan baldintzak hobetzeko.

Duela lau urte ELAk gehiengoa lortu zuen Grafoko enpresa batzordean eta ordutik zuzendaritzari aurre egiten ari zaio 2011tik izoztuta zeuden langileen lan baldintzak hobetzeko. 2022ko azaroan, greba bati esker, soldatak %11 baino gehiago igotzea lortu zen. Bestalde, 2023an, arte grafikoen hitzarmen probintziala negoziatzen hasi ziren, lantegia aplikatzeko hitzarmena. Gatazka horren ondorioz, 12 greba egun deitu dira, eta langileek jarraipen handia egin dute. Eta testuinguru horretan, greba egunen beste deialdi posible baten atarian, Grafoko zuzendaritzak bost langile kaleratu ditu -horietako lau ELAko afiliatuak- plantilla beldurtzeko eta greben jarraipena eta negoziazioa baldintzatzeko.