ELAk positibotzat jo du Bizkaiko Fruta, Barazki eta Platanoen hitzarmenean Mercabilbaon lortutako aurreakordioa

2022/04/13
Mercabilbaoko langileek, 10 urtez Fruta, Barazki eta Platanoen hitzarmen probintziala berritu gabe izan ondoren, aurreakordioa lortu dute. 550 langile biltzen dituzten sektoreko 29 enpresei eragingo die.

Sektoreko handizkako enpresa gehienen langileen arteko batasunari esker lortu da akordioa; izan ere, enpresa horiek lanuzte partzialak eta apirilaren 18 eta 19rako greba aurre-abisua egina zuten, ELA sindikatu nagusiak aldez aurretik abisatuta zuena.

Honako hauek dira akordioaren eduki nagusiak:

  • Hitzarmenaren ultraktibitatea bermatzen da.
  • Enpresek ezin izango dute hitzarmena aplikatu gabe utzi, langileen ordezkariekin aldez aurretik adostu ezean.
  • 2.000 € arteko ordainsaria, atzerapenengatik.
  • Taulak eguneratzea, 2021ean % 7,5eko igoerarekin.
  • % 6,5eko igoera 2022rako.

Igoeren batuketaren ondorioz (7,5 + 6,5), kategoriarik baxuenaren igoera, gutxienez, hilean 159 €-koa izango da.

ELAk ontzat jo du akordioa, eta irtenbide bat eman dio blokeatutako hitzarmen bati, datozen urteetan jarraitu beharreko bidea ezarrita. Antolakuntza eta borroka izan dira eta izango dira jarraitu beharreko bideak.