Arandia erresidentzia (Arrigorriaga)
ELAk salatu du lanerako materiala falta dela eta soldatak berandu ordaintzen direla

Arrigorriagako (Bizkaia) Arandia erresidentziako langileek, Domus VI taldekoak, erresidentziaren aurrean kontzentratu dira lanean pairatzen duten segurtasun eza salatzeko. ELAk dio egoera are gehiago okertu dela azken asteetan. Gauzak horrela, arrisku psikosozialak ebaluatzeko txosten bat eskatu dio enpresari.
Izan ere, sindikatuak salatu du langile falta konpondu gabe jarraitzen dutela –bajak eta oporrak ez dira ordezkatzen–, eta ez dutela neurririk hartzen lan osasunaren arloan. Besteak beste, ez dute lanerako materialik edo hura egoera txarrean dago kasu askotan (eskularruak, garabiak, aldagelak...). Era berean, soldatak atzerapenarekin ordaintzen dira, ez dira lan egindako jaiegunak ordaintzen eta ezin dira hartu.
Abenduaren amaieran bilera bat izan zuten zuzendaritzarekin eta lurraldeko zuzendariarekin, eta berriro eskatu zuten haien lan eskubideak errespetatzea.
Hala ere, ez da aurrerapausorik eman. Are gehiago, salatu dute langile eta material faltaren egoera larriagotu egin dela azken aste hauetan. Gauzak horrela, mobilizazioekin jarraituko dute.