ARANDIA EGOITZA (ARRIGORRIAGA)
ELAk salatu du plantillaren lan eskubideak urratzen direla

Arrigorriagako Arandia egoitzako langileek (Domus VI taldekoak) elkarretaratzea egin dute gaur goizean, enpresak lan eskubideak ez dituela betetzen salatzeko.
Alde batetik, protesta egin dute langile eskasia dagoelako, bajak eta opor egunak ez dira ordezkatzen. Langileek behin eta berriz egindako erreklamazioen aurrean, ELAk adierazi du normalean txanda bakoitzeko bi pertsona baino ez daudela 43 egoiliar zaintzeko. Aldiz, joan den astean, alkatearen bisita ikusita, 7 zaintzaile egon ziren, baina egun horretarako bakarrik.
Gainera, zuzendaritzaren aldetik presioak jasan dituztela azaldu dute langileek.
Ez hori bakarrik. ELAk lan osasunaren arloan neurririk ez dagoela nabarmendu du, plantilla dagokion lan materialik gabe edo egoera onean dagoen materialik gabe ari baita lanean (garabiak, eskularruak, aldagelak). Gainera, soldaten ordainketa etengabe atzeratzen da, eta ez zaie ordaintzen edo konpentsatzen lan egindako jaiegunengatik.
Gauzak horrela, ELAk arrisku psikosozialen ebaluazioa eskatu dio enpresari. Emaitzen zain, mobilizatzen jarraituko du datozen hilabeteetan, kalitatezko zaintza zerbitzua eskaini ahal izateko lan baldintza duinak lortzeko.