Epaitegiek 120.000 euro ordaintzera zigortu dute Novaltia, greba eskubidea urratzeagatik

2022/04/29
Epaitegiek 120.000 euro ordaintzera zigortu dute Novaltia, kalte moralengatik eta galera gehigarriengatik. Novaltia enpresako langileek 1.012 egun daramatzate greban, lan baldintza eskasak salatzen. 2019ko uztailean hasita, Europako grebarik luzeena bihurtu da. ELAren iritziz, hori bi arrazoirengatik gertatu da: alde batetik, Novaltiako Zuzendaritzak langileentzako baldintza duinak negoziatzeko borondaterik ez duelako, eta, bestetik, Novaltiak greba eskubidea etengabe urratu duelako.

Hori azaleratzen duen beste epai bat iritsi da, orain arteko gogorrena. Bilboko Lan Arloko Epaitegiaren 2022ko apirilaren 25eko epaiak hala baitio:

Alde batetik, baietsi egiten du ELAk aurkeztutako demanda, eta bertan behera uzten du instalazio berria abian jartzeagatik ematen den aparteko saria, hau da, greba egin ez dutenei enpresak emandako aparteko 300 €-ko hileko saria. Ondorioz, sari hori kobratu duten langileei diru kopuru hori kentzera kondenatzen du enpresa, eta 120.000 euroko kalte ordaina ordaintzera salaketa jarrtzaileoi.

Bestetik, epaia argia da honako hau baieztatzerakoan: "Azken batean, presio-neurri espureoa da, helburu bikoitza betetzera deitua: (I) grebari langile gehiago atxikitzea saihestea; (ii) Grebalarien atzera egitea sustatzea eta, horrela, grebalarien eskubidea higatzea".

Epaileak berak sari hori kentzerakoan jarraitu beharreko jarraibideak finkatzen ditu, haren fiskalizazioa erraztuz; izan ere, enpresak uko egin zion saria kobratu zuen plantillaren nominak emateari, epaitegiak berak hala eskatu arren. Jokabide prozesala da, eta epaiak argi eta garbi errefusatzen du jokabide hori ezkutatzea.

120.000 euroko kalte ordainari dagokionez (kalte morala eta kalte eta galera gehigarriak barne), oso garrantzitsua dela uste dugu; izan ere, konponbide gisa ezarritako kalte ordainak egokiak izateaz gain, nahikoa disuasiozkoak ere izan behar dira, kontuan hartuta bide horren bidez jarduera horiek etorkizunean ez gertatzeko ahalegina egingo dela.

Epai hori ildo bereko beste epai batzuei gehitu behar zaio:

⦁ EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, 2021eko azarokoa, 2020an enpresak grebalariak ordezkatzeko ETTetako langileak legez kanpo kontratatu zituela uste duena.
⦁ EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, 2022koa, 2021eko martxoan egindako lan-baldintzen aldaketek negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen zutela eta greba eskubidea urratzen zutela berresten duena.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2021/11/16an emandako epaiari buruz

Baietsi egin zen ELAren errekurtsoa, eta deuseztzat jo zen – greba-eskubidea urratzeagatik – greban zeuden langileei oporrak alde bakarrez ezartzean zetzan enpresa jokabidea, ondoren ETTetako langileen bidez ordezkatzeko; gauzak horrela, enpresa kondenatzen zen sindikatuari 6.251 euroko kalte-ordaina ordaintzera. Epai irmoa da.

Epai horren ondorioz, grebalariek demanda jarri zuten, eta Bilboko 6 zenbakiko Lan Epaitegiak partzialki baietsi zuen 2022/02/03ko epaian. Epai horrek, enpresaren estrategia greba eskubidearen aurkakotzat joz, Novaltia kondenatzen du, guztira 35.000 euro baino gehiago ordaintzeko oinarrizko eskubidea urratzeagatik.

EAEko Auzitegi Nagusiak 2022/04/12an emandako epaiari buruz

Enpresaren errekurtsoa ezetsi zuen, eta ELArena onetsi, funtsezko bi gairi dagokienez:

⦁ Lehenik eta behin, epaiak deuseztzat jotzen du Zaratamoko lantokira 14 grebalariren trasladoa – Greba-batzordeko eta ELAko Enpresa Batzordeko hiru kideak barne –, 2019az geroztik itxita, jarduerarik gabe eta plantillarik gabe baitago: “Grebalariak bakarrik Zaratamora eraman direnez eta erabaki hori justifikatzen duten arrazoi objektiborik ez dagoenez, ulertu behar dugu erabaki hori, egiaz, greba eskubide konstituzional eta oinarrizkoaren egikaritza legitimoari kalte egiteko enpresa borondateari dagokiola “.
⦁ Bigarrenik, deusez deklaratzen da langile guztien ordutegi aldaketa, negoziazio kolektiborako eskubide konstituzionala urratzeagatik. Izan ere, enpresak banan-banan negoziatu zuen bere plantillaren zati batekin (ez grebalariarekin) ondoren kontsulta aldian ELAko Enpresa Batzordearekin negoziatu zuen neurri bera, legez ezarritako prozedurara jo gabe eta, beraz, negoziazio kolektiboa eta langileen legezko ordezkaritza alde batera utzita

Aipatu behar da 3 epai horiek leku txarrean utzi dutela Bizkaiko Lan Ikuskaritza. Guztiek ezeztatu eta zuzendu dituzte ikuskapen aktak, non, gertakari berberengatik, ez baitzuten inolako urraketarik ikusi.

ELAk oso balorazio positiboa egin du, eta pozik agertu da irabazitako epai horiengatik guztiengatik. Sindikatuko zerbitzu juridikoek ezinbesteko lana egin dute Novaltiaren estrategia gainditzeko.
Zentzu horretan, sindikatuak oraindik ere salaketa gehiago ditu prest Novaltiaren aurka grebalarien eskubideen urraketengatik. Hori bai, argi adierazi nahi dugu sindikatuaren eta greba batzordearen azken helburua ez da bide judiziala irabaztea (nahiz eta ezinbestekoa izan), baizik eta enpresak behingoz soldata eta lan baldintza justu eta duinak negoziatzea eta adostea.