ARTEOS DIGITAL (ETXEBARRI)

Greba amaiera akordioa

2024/03/05
Etxebarriko (Bizkaia) Arteos Digital Arte Grafikoetako enpresak atzera egin du, eta Bizkaiko sektoreko hitzarmena aplikatuko die langileei. Enpresak estatuko hitzarmena aplikatuko zuela adierazi zuen. Horregatik langileek greba deitu zuten. Langileen mobilizazioaren ondorioz enpresak atzera egin du eta Bizkaiko sektoreko akordioa aplikatuko du.

80 langile ditu Arteos Digitalek, eta Enpresa Batzordea ELAko 5 kidek, LABeko 3k eta CCOOko 1ek osatzen dute. Inprimaketaren sektorean aritzen den enpresak duela egun batzuk planteatu zuen aplikatu beharreko sektoreko hitzarmena Estatuko Arte Grafikoen Hitzarmena izatea. Horrek esan nahi du sektoreko hitzarmen okerragoa inposatu nahi zela, eta suposatzen zuen eraso oso larria Bizkaiko langileen lan baldintzak Estatuko esparrura eramatearena.

Enpresa Batzordeak, enpresa erabaki horren aurrean, erantzun zuen Etxebarriko zentroan aste bateko greba deialdia eginez, eta grebaren lehen eguna martxoaren 4an izan zen. Grebaren jarraipena erabatekoa izan zen, eta fabrika geldirik eta jarduerarik gabe egonda. Langileak ere mobilizatu ziren, lehen ordutik informazio piketeekin lantokian; eta eguerdian elkarretaratzea egin zuten Bilbon, Arteoseko bezeroetako baten aurrean.

Lehen greba egun horretako arratsaldean, berriz, enpresak atzera egin zuen bere erabakiarekin, eta onartu zuen plantilla osoari aplikatuko zaion hitzarmena Bizkaiko sektorekoa izango dela.

ELAk Etxebarriko Arteos enpresako langile guztiak zoriontzen ditu, beraien helburua lortzeagatik eta Etxebarrin Estatuko Hitzarmena ez aplikatzeko egindako borrokagatik eta grebaren aldeko apustuagatik.