ARANDIA ERRESIDENTZIA (ARRIGORRIAGA)

Urriaren 8 eta 9ko grebak jarraipen zabala izan du

Urriaren 8 eta 9ko grebak jarraipen zabala izan du
Guztira, 15 greba egun egin dituzte. Enpresaren, Arrigorriagako Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Lan Ikuskatzailetzarena eta Osalanen inmobilismoa salatu dute.

ELAk adierazi du Arrigorriagako (Bizkaia) Arandia erresidentzian (Domusvi Taldea) mobilizazioekin jarraituko dutela, enpresak eta erakunde publikoek ez baitute gehiegizko lan kargak arintzeko neurririk hartu. Langileek 15 eguneko greba egin dute dagoeneko. Bien bitartean, enpresak, Arrigorriagako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Lan Ikuskaritzak eta Osalanek ez dute aurrerapausorik eman.

ELA behin baino gehiagotan bildu da udal arduradunekin, baina sindikatuak deitoratu du, hitz hutsez haratago, udalak ez duela gatazkan inplikatu. Aldundia ere aipatu du, bere eskumeneko zerbitzua delako eta zuzeneko kudeaketa duelako diru publikoarekin finantzatuta. Lan Ikuskatzailetzari eta Osalani "beren jarduera motela eta ebazpenen irmotasun falta" egotzi die. Horri esker, kexu da ELA, enpresak laneko arriskuen eta eskubideen prebentzioari buruzko Legea urratzen jarraitu dezake, zigorrik jaso gabe.

Bien bitartean, dio ELAk, lan kargek gora egiten jarraitzen dute, ez dira ordezkapenak egiten, kudeaketa eskasa da, eta asistentziaren kalitatea ahuldu da. 2026ko abuztuan bakarrik, 2.000 zerbitzu-ordu baino gehiago betetzeari utzi zitzaion, langileen atsedenaldien eta justifikatutako hutsuneen ondorioz.

2025ean, enpresak nahita luzatu duen arrisku psikosozialen ebaluazio bat hasi zen, eta txosten batekin amaitu. Txosten horretan, besteak beste, lan-karga handiei eta langile-faltari aurre egiteagatik langileek jasaten duten arriskua islatzen da. Hala ere, txosten horretan ez da jasotzen plantillaren arazo larriak konpontzeko neurri zehatzik.

Era berean, langileek salatu dute maiatzaz geroztik larriagotu egin dela langile-faltaren egoera, hein handi batean erresidentziaren antolaketa eta kudeaketa txarragatik. Gainera, nominen ez-betetze larriek bere horretan jarraitzen dute.

Besteak beste, erizaintzako arreta eskatzen dute eguneko 24 orduetan, eta kontratazioa hobetzea eguneko 24 orduetan. Helburua da gerokultore-, gaueko zeladore- eta ikuztegi-taldeen zuzkidura nahikoa, egonkorra eta iraunkorra bermatzea, gainkarga eta lan-karga murrizteko, lan-baldintzak hobetzeko eta egoiliarrei kalitatezko arreta bermatzeko.