GURE ESKU DAGO kontsulta Maiatzak 7, Orozkon.

2017/04/27
ELA eta LAB sindikatuok bat egiten dugu Gure Esku Dago ekimenak datorren 2017ko Maiatzaren 7an, Orozkon sustatzen duen herri kontsultarekin, eta bertako langileoi dei egiten diegu parte har dezaten.

Bat gatoz kontsultarekin. Hitz egin, eztabaidatu, konfrontatu, erabaki...eta ondoren herritarrei kontsulta egitea zeharo normaltzat jotzen dugulako.

 
Zalantza izpirik gabe, Euskal Herriko herritarrei dagokie beren etorkizun politikoa askatasunez erabakitzea. Ez dago gizarte eskubiderik demokrazia herririk gabe, eta, era berean, ez dago demokrazia herritarik erabakitzeko ahalmenik gabe, gehiengoaren borondate demokratikoaren errespetuan oinarrituta, alegia.

 
Langile guztiok bultzatu nahi ditugu parte hartzera, guztiz islatuta sentitzen baikara ariketa demokratiko berarekin. Gure esparruan ere ukatzen digute gurekin zerikusirik daukaten erabaki guztietan parte hartzen, eta horixe, hain zuzen ere, aldatu nahi dugu gurean. Langileok erabaki nahi dugu nolakoa izan behar duen lan esparrua eta egunerokoan ahalegintzen gara hala izan dadin, ahalduntze prozesuaren eragile nagusia langileok izan behar dugularik.


Lan esparruan gure erabakien jabe izateko bitartekoak eskuratzea ezinbestekoa bazaigu, bestelako arloetan ere premia berdina agerian dago. Hala, nola, hezkuntzan, zerbitzu publikoetan, pentsio sisteman, gizarte babesaren arloetan...


Beraz, Orozkoko kontsultan parte hartzera gonbidatzeaz gain animatu nahi zaituztegu, udalerri honetan ere Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauza dezan lanean jarrai dezazuen.