Irailaren 9tik aurrera, greba mugagabea
Artziniegako (Araba) Tubacex Taylor Accesorios enpresako -Tubacex Taldea- langileek 13 urte daramatzate hitzarmen kolektiboa eguneratu gabe. Urte horietan guztietan, hitzarmenean ezarritako soldatak izoztuta egon dira, antzinatasunagatiko bosturtekoei dagozkien igoeretatik haratago. Ondorioz, langileek erosahalmena galdu dute. KPIaren bilakaera erreferentziatzat hartuta, prezioak % 26 inguru igo dira 2013 eta 2025 bitartean, eta soldata-taulek ez dute eguneratze baliokiderik izan, izoztuta daude. Egoera horren aurrean, greba mugagabea egingo dute irailaren 9tik aurrera.
Duela bi urte, langileek mobilizazioak egin zituzten beren lan eta soldata baldintzetan hobekuntzak eskatzeko, hitzarmena desblokeatzea lortu gabe. Aurrerapenik ez dagoenez, uda honetan 13 greba egun egin dira.
Joan den irailaren 3an, langileen ordezkariek beste bilera bat egin zuten zuzendaritzarekin gatazkari irtenbidea bilatzeko; hala ere, ez zuen aurrerapausorik eman, eta enpresak oraindik ez du hitzarmena eguneratzeko akordiorik lortzeko prestasunik erakutsi.
Plantillaren ustez, zaila da jarrera hori justifikatzea, kontuan hartuta Tubacex Taylor Accesorios Tubacex taldekoa dela, eta azken horrek emaitza ekonomiko garrantzitsuak izan dituela azken urteetan. Aurten bertan, 6,4 milioi euroko ordainsaria onartu zaie akziodunei.