Langileak kaleratzen hasi da zuzendaritza

Enpresa Batzordearen hitzetan, onartezina izaten ari da Enplegu Erregulazio Espedientearen kudeaketa, kaleratutako langileekiko sentikortasun faltagatik, bai eta komunikazio egokia eta errespetuzko ez izateagatik.
Halaber, Batzordeak jakinarazi du gaur goizean Eusko Jaurlaritzarekin bilera izan duela, eskaria egin zutenetik bi aste baino gehiago igaro ondoren. Azaldu duenez, Jaurlaritzak ez du inolako erantzukizunik hartu ezta aztertu ere gatazkan esku-hartzeko aukera. Enpleguaren eta eskualdeko industria sarearen defentsarekin duten konpromezu faltaren erakuslea dela uste dute langileek, eta gaitzetsi dute Jaurlaritzaren ekintza eza justifikatzeko protesten aitzakia erabili izana.
Batzordeak berretsi du lanpostuak mantentzeko eta ekoizpena lekualdatzea saihesteko alternatiba bideragarriak daudela. Enpresaren bideragarritasuna defendatzeko eta kaleratzerik ez dutela onartuko aldarrikatzeko, ostiralean mobilizazioa deitu dute 18:30etan Laudioko Eroski biribilgunetik, enpleguaren defentsan eta erakundeen inplikazio ezaren aurrean.