Arandia Erresidentzia (Arrigorriaga)

Langileen osasunak arriskuan jarraitzen du

2025/09/18
Arandiako (Domus VI Taldea) langileek elkarretaratzea egin dute erresidentziaren aurrean, segurtasuna eta osasuna bermatzen ez diren baldintzetan lanean jarraitzen dutela salatzeko. Hiru gauza nabarmendu dituzte: bizi duten egoera jasanezina dela, zerbitzuaren kaltetzea eta beren osasuna arriskuan dagoela.

ELAk salatu du egoitzan langile falta mantentzen dela; ez dira ez bajak ez oporrak betetzen. Lan osasunaren arloko neurririk eza kezkagarria da: lanerako materiala falta da eta dagoena egoera txarrean dago. Gainera, ez dago gaixotasun infekziosoen aurkako prebentzio protokolo eguneraturik. Horri inolako justifikaziorik gabeko kaleratzeak eta zehapen-espedienteak gehitu behar zaizkio.

Era berean, ez da amaitu langileen mobilizazioei esker egin zen arrisku psikosozialen balorazioa. Ebaluazio horrek langile falta eta lan gainkarga islatzen ditu. ELAk denbora darama egoera salatzen eta premiazko neurri eraginkorrak eskatzen.

Egoera horren aurrean, langileek ez dute onartuko beren osasunarekin jolasten jarraitzea. Egoera konpondu arte mobilizazio dinamikarekin jarraituko dutela iragarri dute. Plantillak argi dauka: bere osasunarekin ez da jokatzen. Errespetua galtzen ari zaizkie, bai langileei, bai zaintzen dituzten pertsonei. Berehalako neurriak, benetako irtenbideak eta osasun- eta lan-araudia zorrotz betetzea eskatzen dute.