Lanuzte gehiago Amurrioko Tubos Reunidosen, hitzarmen duin baten alde

2022/02/08
Tubos Reunidoseko langileek ordubeteko lanuzteak hasi dituzte, besteak beste, bost urte hauetan galdutako erosahalmena berreskuratzeko. Enpresa Batzordearen eta zuzendaritzaren negoziazioa blokeatuta dago oraindik, eta langileek mobilizatzea erabaki dute. Hasiera batean, lanuzteak martxoaren 4ra arte luzatuko dira.

Bost urte dira hitzarmena berritu zenetik; denbora honetan zortzi aldi baterako lan-erregulazio aplikatu dira eta lan-baldintzek okerrera baino ez dute egin. Zorra handia da, akziodunek bere garaian jaso zituzten mozkinen ondorio. Gainera, 2021ean zor hori diru publikoarekin handitu zen ustezko plan estrategiko bat gauzatzeko, ziurtasunak baino zalantzak gehiago sortzen zituena. Zoritxarrez, ziur gaude zor hori langileek ordaindu beharko dutela.

Izan ere, zuzendaritzak uko egin dio 2017-2021 aldiko langileen KPIa berreskuratzeari; zuzendaritzaren soldatek, aldiz, igotzen jarraitzen dute. ELAk ez du onartuko 2021eko KPIa hitzarmen berri baten trukerako txanpon gisa erabiltzea. Zuzendaritzak uko egin zion iaz akordio bat ixteari, eta horrek berekin dakar 2021a atzerapenen beste urte bat izatea, 2017-2020 aldiarekin batera; horiek dira negoziazio-estrategia negargarriaren ondorioak.