Enviser RSU Aialako langileek bere lehen hitzarmen kolektiboa lortu dute

2017/06/23
Lorturiko akordioan oso hobekuntza nabariak jaso dira, besteak beste: %30etik gorako soldata-igoerak 2021. urtera arte, erabilera askeko 2 egun, 2 opor-egun gehiago, 25 minutuko hatseden ordainduta, bajetan hobekuntzak, antzinatasuneko beste hirurteko bat gehitzea.... Era berean hitzarmenak erreformaren kontrako klausulak dakartza, hala nola, mugarik gabeko ultraaktibitatea, aurrera eragin mugagabea eta inaplikaziotik blindatzea.

Enviserko langileek, lan-baldintza txarretan 10 urtez baino gehiagoz egon ostean, beren lehen hitzarmena lortu dute, Aialako Koadrillako hondakinak biltzeko lantegian.

Iazko azaroan, Enviser enpresako langileek ELAko ordezkari bat hautatu zuten, eta handik aurrera gertaerak bata bestearen atzetik joan dira: batzarra, hitzarmen-plataforma, batzar gehiago eta negoziazio-mahaiaren eraketa.

Negoziazio-bileretan aurrera egiterik ez zegoela, eta enpresaren proposamena urriegia zela ikusita, 6 eguneko greba-deialdia egitea erabaki zuten, greba ekainean eta uztailean zehar egiteko.

Joan den ostegunean, greba-deialdia egin ondoren, bilera egin genuen enpresarekin. Bilera hartan beste proposamen bat aurkeztu ziguten, eta larunbatean batzarrean akordioa berretsi genuen. Hurrengo astelehenean, ekainak 19, hasteko zen greba bertan behera geratu zen.

 

ELAn oso ondo deritzogu akordioari. Beste behin esan dezakegu:

HAMAIKA ARRAZOI BORROKARAKO!!!