Martxoaren 5ean, lanuztea eta mobilizazioa Aiaraldean, enpleguaren alde

2021/02/23
ELAk, LABek, ESK-k eta Steilasek 2 orduko lanuztea deitu dute, 11:00etatik 13:00etara. Ildo beretik, 'Aiaraldean lan eta bizitza duin baten alde!' lelopean, 11:30ean Amurrioko eta Laudioko plazetatik abiatuko diren bi manifestaziotan parte hartzeko deia egin dute.

ELAk, LABek, ESK-k eta STEILASek lanuztea deitu dute martxoaren 5erako Aiaraldean eskualdearen egoera kezkagarria defendatzeko. Izan ere, egoera zaila bizi du eskualdeak enplegua suntsitzearen, lan-baldintzak jaistearen, enplegu prekarioaren eta zerbitzu publiko askoren egoera kezkagarriaren ondorioz. Bereziki, Tubacexen bizi den egoeraz ohartarazi dute, enplegu-erregulazioko espedientea mahai gainean baitago eta zuzendaritzak 150 kaleratze egiteko mehatxua egin baitu. 79 kaleratze eragindako Valvospainen itxiera ere nabarmendu dute, horrek ehunka familiengan eta eskualde osoko etorkizunean izango dituen ondorio larriak ohartaraziz.

Horri gehitu behar zaizkio enplegua suntsitu duten dozenaka enpresak, kaleratu dituzten behin-behineko langileak, bidegabeko enplegu-erregulazioko espedienteak, osasun publikoko, gizarte-zerbitzuetako, hezkuntzako langileen eta zerbitzuen egoera, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektorearen egoera, edo eskualdeko hainbat enpresa txiki eta autonomo pairatzen ari diren egoera delikatua...

Horregatik, egoera horrek eragindako langile, enpresa, sektore eta kolektibo guztiei dei egiten diete deialdi honekin bat egin dezaten, eta, horrela, Aiaraldeko enpleguaren eta etorkizunaren aldeko mobilizazio masibo bihur daitezen.