Mercabilbao koronabirusaren kontrolik gabeko foku bihurtzeko arriskua dago

2020/03/23
ELAk astebete baino gehiago darama agintaritzen aurrean salatzen Mercabilbaon fruta, barazki eta arrainaren salmenta zein baldintzatan egiten den. Egoera kritikoa da langileentzat, baina baita herritar guztientzat ere. Bada, osasun-alertaren egoera ikusita, ELA berehala jarri zen harremanetan agintaritzarekin, salmenta babes-neurririk gabe egiten ari zelako kezkatuta: ez aforo-mugarik, ez eskudirutan ordaintzeko debekurik, ez langileak babesteko neurririk, ez salgaiak babesteko neurririk…

Zentzugabekeria horren aurrean, eta jakinda Mercabilbao foku potentziala izan daitekeela koronabirusa penintsulako iparraldeko eremu osora irradiatzeko, ELA behin eta berriz saiatu da arrazoitzen Bilboko Udalarekin, Segurtasun Sailarekin eta Lan Sailarekin, premiaz ezar zitezen beharrezko segurtasun-neurriak, eta zerbitzua baldintza higieniko-sanitarioe egokietan emango zela bermatzeko.

Martxoaren 15ean, agintariek aforoa mugatzera behartu zuten Mercabilbao. Baina hori da gaur egun ezarri den neurri bakarra. Ertzaintzak ibilgailuen sarrerak zaintzen ditu, baina ez ditu pabiloiak kontrolatzen, herritarrei ezarritako gutxienekoak betetzen direla bermatzeko.

Horren ondorioz, egoera oso larriak gertatzen ari dira: salgaiak estali gabe eta edonoren eskura, bezeroak eskularrurik eta maskararik gabe sartzen edo etxetik jarrita ekartzen, masifikazioa bezero batzuek ez dutelako errespetatzen barruan egoteko gehienezko denbora, pertsonen arteko metro eta erdia ez da errespetatzen …

Egoera hau eutsiezina da. Langileak egunero egiten diete aurre arrisku egoerei. Agintariek ELAtik egiten zaizkien eskakizunak gutxiesten jarraitzen badute, Mercabilbao koronabirusaren kontrolik gabeko foku bihurtzeko arriskua izango dugu. Birusa Mercabilbaon detektatuko balitz eta jarduera bertan behera uztea erabaki beharko balitz, frutak, barazkiak eta arrainak hornitzeko arazo larri bati aurre egiteko beharrean egon ginateke.

Oraindik badu konponbidea. Oraindik ez da gertatu. Agintaritzei exijitzen diegu behar diren neurriak har ditzatela egoera horretara heldu baino lehen. Bilboko Udala da Mercabilbaon gertatzen den guztiaren erantzule zuzena, erruzko ez-egitearen ondorioz. Exigitzen diogu Udalari bere jokabidea birplantea dezala eta alarma-egoera honetan dagokion erantzukizunarekin jardun dezala.

Mercabilbaok, zeinetan Bilboko Udalak %60ko partaidetza duen, fruta, barazki eta arrainaren sektoreko 70 enpresa handizkari edo “maiorista” inguru biltzen ditu. Bertara, egunero, penintsulako “iparralde” osoko txikizkariak edo “minoristak” hurbiltzen dira. Horrela definitzen da Mercabilbao, bere web orrian: "MERCABILBAO Iberiar Penintsulako iparraldeko elikagai galkorren banaketa-zentro handiena da gaur egun". Horrek esan nahi du gure etxeetara iristen den fruta, barazki eta arrainaren zati handi bat lehenago Mercabilbaotik pasatu dela, eta hara joaten direla supermerkatu, auzo-denda edo janari-dendetako jabeak erosketak egitera. Mercabilbao Basauriko udalerrian dago, EAE-n epidemiak eragin gehien izan duen udalerrietako bat.