Novaltiak greba-eskubidea urratzen duela ebatzi du Justiziak

2021/10/11
Bilboko Lan Arloko 7. zenbakiko Epaitegiak arrazoia eman dio ELAri -sindikatuak helegitea jarri zuen Novaltiak 2021eko martxoan langileen lan-baldintzak aldatu zituelako-, eta ondorioztatu du Novaltiak langileen grebarako eskubidea urratzen duela, langileen ordutegiak aldatzeagatik.

Novaltiako langileek 2 urte baino gehiago daramatzate greban beren lan-baldintza eskasak hobetzeko (1.000 eurotik beherako soldatak dituzte). Hala ere, enpresak ez du benetako negoziazio-espaziorik ireki nahi greba-batzordearekin eta greba oztopatu nahian dabil etengabe.

Ildo horretan, ELAk demanda aurkeztu zuen Novaltiaren aurka, 2021eko martxoan kooperatibak lan-baldintzetan aldaketa nabarmenak egin zituelako. Bada, epaiak arrazoia eman dio sindikatuari, eta ordutegien aldaketak grebarako oinarrizko eskubidea urratzea dakarrela jaso du, enpresak egindako bi aldaketak baliogabetzat joz.

Greba egiten ez duten langileentzako hileko Sari Bereziari dagokionez – 300 euro hilean greba hasi zenetik (2019ko uda) 2020ko abenduaren 31ra arte –, epaitegia ez da gaiaren muinean sartzen, uste baitu hori beste prozedura mota baten ondorio dela. Hala ere, ELAk ez du baztertzen horren inguruan beste demanda bat jartzea.

Sindikatuak epaia txalotu du eta Novaltiako zuzendaritzari soldata eta lan-baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen bat negoziatzeko eskatu dio.