Orozkoko Udalak (Bizkaia) langileen lan-eskubideak murriztu ditu, Udaleko Hitzarmen Kolektiboa indargabetuz

2020/07/01
Ekainaren 24an egindako bileran, langileen ordezkariei jakinarazi zien Udaleko Hitzarmen Kolektiboa indargabetzea erabaki zuela, borondatezko erretiro aurreratuaren primak ordaintzeari utzita. ELAk adierazi du erabaki horrek, beste behin ere, langileen lan-eskubideak murrizten dituela.

Orozkoko Udalak (Bizkaia) murriztu egin ditu bertako langileen lan-eskubideak, Udaleko Hitzarmen Kolektiboa indargabetu egin baitu. Erabaki horren ondorioz, borondatezko erretiro aurreratuaren sariak ordaintzeari utzi dio.

ELAk, ekainaren 29ko batzarrean hartutako erabakiaren ondoren, udalari eskatu dio "berehala bertan behera utz dezala langileentzako hain kaltegarria eta bidegabea den erabaki hori", giza baliabideak arrazionalizatzeko plana negozia dadila eta hitzarmenean ezarritakoa bete dezala.

Orozkoko Udaleko langileek mobilizazioak hasiko dituztela iragarri dute.