Osakidetzako Barrualde - Galdakao ESIko lehen arretaren egoera guztiz jasanezina da

2020/08/03
Urte osoan zehar lan-gainkarga sistematikoa jasaten duten osasun-zentroek, plantillaren erdia baino gutxiagorekin egiten behar diote aurre udari. Uda honeta, gainera, ohiko lanez gain, koronabirusaren kontroletik eratorritako zeregin guztiak kudeatu behar dituzte ere.

ELA sindikatutik urteak daramatzagu Osakidetzako Lehen Arretak bizi dituen arazo larriak salatzen, eta egoera hori izan zen iaz deitutako hiru greba-egunen oinarria. Arazoak asko eta oso handiak dira: lan-kargak onartezinak dira; profesionalak ez dira ordezten; arreta jasotzeko itxaronaldia gero eta handiagoa da; profesionalek, ez dagozkien funtzioak bete behar izaten dituzte; inbertsio falta dago osasunean eta, bereziki, Lehen Arretan; etabar luze bat.

Osakidetzak, ordea, egoera horri aurre egiteko neurriak hartu beharrean, laguntza-adabakiak jartzen jardun du. Adabaki horiek lortu duten gauza bakarra profesionalak gainkargatzea eta herritarrei eskaintzen zaien asistentzia-kalitatea gero eta gehiago okertzea da.

Hala, beste uda batez, Lehen Arreta bat dugu, udari hamarreneko plantillarekin aurre egiten diona (oso urria da egunerokoan ere), ordezkapen eta/edo estaldurarik ez dagoelako; langile batzuk akituta daude, koronabirusaren ondoriozko gainkargagatik; beharrezko errefortzurik gabe, egunerokotasunean ezinbestekoak badira, are gehiago bizi dugun egoera honetan; beraienak ez diren funtzioak bete behar dituzte; eta, horrela, etabar luze bat.

Aurten, gainera, profesionalek jasaten duten ohiko gainkargari koronabirusaren kontroletik eta jarraipenetik eratorritako lan-karga gehitzen zaio, eta zeregin hori, zati handi batean, Lehen Arreta ari da bere gain hartzen. Horri pandemiaren ondoriozko zailtasunak gehitu behar zaizkio, hala nola Osakidetzak ezarritako telefono bidezko edo bideokonferentzia bidezko kontsultak. Eta, egoera horretan, Osakidetzak emandako irtenbidea betikoa izan da: arreta-murrizketak, zentroen itxiera (Zumarragako edo Elgoibarko PACak adibide gisa), ordutegien murrizketa, ordezkapenik eza, errefortzu falta, etab...

Egoera horretan, Barrualde-Galdakao ESIko osasun-zentroen egoera jasanezina da. Durango, Gernika, Elorrio, Ondarru, Zornotza, Lekeitio edo Bermeo bezalako osasun-zentroak lan-karga guztiz onartezinak jasaten ari dira, eta horrek eragin zuzena du langileen osasunean eta herritarrei eskaintzen zaien arreta-kalitatean:


• Osasun-zentroak beren zereginak plantillaren %50a baino gutxiagorekin agiten ari dira: ez da oporrik ordezten, eta, ondorioz, lanean ari diren profesional gutxik hartu behar dituzte bere gain baraien lankideen lanak. Zornotzako Osasun Zentroan, adibidez, ohiko 11 medikuetatik, 4 baino ez dira lanean ari. Baina ordezkapen falta horrek ez die medikuei bakarrik eragiten, sistematikoa da kategoria guztietan. Erizaintzako eta Pazientearen Arretarako langileek ere, plantilla urria daukate. Hori gutxi balitz, Gernika bezalako zentroetan erizain bat kobidaren rastreatzaile lanak egitera bideratu dute eta ez dute hutsune hori beste profesional batekin bete.

• Profesionalek lan-karga onartezina dute: %50tik beherako plantillarekin, langileek aurrez aurreko hitzorduak hartu behar dituzte beren gain, bai osasun-zentroan, bai etxean; aurrez aurrekoak ez diren hitzorduak; koronabirusaren agenda eta jarraipena; etxez etxeko kobida; PCRak; zaharren egoitzen jarraipena; atzeraezinak; oporrengatik desplazatuak (Bermeo edo Lekeitio bezalako herriek biztanleria handitu egiten dute udan); profesional

batzuek zentro bat baino gehiago artatu behar izaten dituzte, etab... Egoera horretan, profesionalak ohiko ordutegitik harago lan egitera behartuta daude, egunean 30 PCR baino gehiago egin ahal izateko, egunean 45 paziente baino gehiago artatzeko edota orduak igaro ahala hazten doan agenda "txikle" bat kudeatzeko. Osakidetzan 25 urtetik gorako esperientzia duten profesionalek egoera oso zaila dela adierazi dute. Presioaren ondorioz, kontsulta batean negarrera iritsi diren profesionalak daude, edo beren ahalmen fisikoak murriztuta dituztela lanean ari direnak.

• ESIko zuzendaritzak langileak presionatzen ditu: ESIko zuzendaritzak, irtenbideak bilatu eta plantillak indartu beharrean, langileak presionatzen ditu errealitatea ezkutatzen saiatzeko eta osasun-zentroen egoera normalizatua dela agertzeko. Pazienteen kexen aurrean, Osakidetzak presio egiten die langileei, lan gehiago egin dezaten, jasotzen duten guztia artatu dezaten (gainkarga alde batera utzita) eta herritarrek benetako errealitatea ez dezaten ikusi.

• Langileek hitzezko erasoak jasaten dituzte pazienteen aldetik: lan-gainkarga eta langile-eskasia direla eta, pazienteek ondoeza erakusten dute jasotzen duten arretarekin, eta, batzuetan, plantillek irainak eta hitzezko erasoak jasaten dituzte azkar artatzea eskatzen dutenen aldetik. ESIko zuzendaritzak, egoeraren jakitun, langileak presionatzen ditu, baina ez du inoiz irtenbiderik ematen.


Lehen Arretak bizi duen egoera kritikorako irtenbidea, krisi honekin larriagotu egin dena, hori modu estrukturalean indartzea da, hau da, giza baliabideetan eta baliabide materialetan gehiago inbertitzea. Orain, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da osasun publikoa garatzea eta indartzea, osasun publiko indartsu bat behar dugulako, kalitatezko osasun-arreta eskaini ahal izateko, egunerokotasunean, eta baita etorkizunean bizi izan ditugun eta bizi ditugun egoerei aurre egiteko ere. Osasun Sailari eskatzen diogu berehalako eta sakoneko urratsak eman ditzala eta errotik alda ditzala osasun-arloko politikak.