'SOS Aiaraldea' lelopean, mobilizazioak eta lanuzteak ekainaren 2an

Ekainaren 2rako mobilizazioak deitu dituzte hainbat eragilek: ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek, Aiaraldeako enpresa batzordeek, sektore publikoko langileek, ostalariek, merkatariek, mugimendu feministak, gazte mugimenduak eta pentsionisten mugimenduak.
'SOS Aiaraldea' lemapean, zonaldeak bizi duen egoera larria salatuko dute deitzaileek: “Aiaraldearen egoera kezkagarria da gaur egun, enpresen itxierak, kaleratzeak, lan-baldintzen prekarizazioak eta eskualde honen aldeko apustu argi eta irmoaren konpromiso instituzional ezak eraginda. Etorkizunik gabe geratzen ari gara”.
Alde batetik, lau orduko lanuzteak egingo dira, 10:00etatik 14:00etara. Eta, bestetik, bi manifestazio deitu dituzte: lehena Laudion, goizeko 11:00etan, eta bigarrena Amurrion, 19:00etan.