TOUR Mensajeros Bizkaiko Langileek bere lehenengo Enpresa-Hitzarmena sinatu dute.

2017/05/09
TOUR Mensajeros Langileek enpresa hitzarmena sinatu dute lehenengo aldiz. Horrela, bere lan baldintzakzeharo hobetzen dituzte eta gainera ELAren erreforma-kontrako klausulak sartu ditugu. Hau guztia lortu dute, hamabi langileek aurrera pausua eman zutelako antolatzen, ELAri afiliatzen eta borrokatzen bere lan baldintzak hobetzeko.

Gero eta langile gehiagok dakite zer egin behar den enpresan duten egoera hobetzeko: antolamendua behar da, eta horretarako sindikatu egokia hautatu behar da —langileen interesen alde lan egiten duena— eta sindikatu horri afiliatzea.

Eta horixe egin zuten, hain zuzen, TOUR MENSAJEROS BIZKAIA SL-ko hamabi langileek; eta horren ondorioz orain ametsak egia bihurtu dira, enpresa-hitzarmen aparta sinatu baitute.

Enpresa horrek estatu-esparruko mezularitza-hitzarmen bat aplikatu izan du. Hori dela-eta, probintzia-hitzarmenetako soldaten eta lan-baldintzen aldean %30 beherago zeuden. Baina antolamenduz, batzarrak eginez eta negoziazio kolektiboa bultzatuz enpresaren beraren hitzarmen bat lortu ahal izan dute.

Hitzarmen horren indarraldiaren amaierarako, diru- eta lan-baldintzak Bizkaiko Salgaien Errepide Garraioko Hitzarmenaren baldintzen pare jarriko dira, eta batzuetan gaindituko dituzte. Hitzarmen berriari esker soldatak zenbaitetan 600 € hilean igoko dira, eta hori diruaren aldetik bakarrik.

Lan-baldintzei dagokienez, Garraioko Probintzia Hitzarmenaren maila ere gainditu da, zeren gure testuan ELAren erreforma-kontrako klausula ezagunak sartu ditugu: salbuespen eta inaplikazio klausulak, malgutasun-klausula (%5ean utziz, eta ez lan-erreformaren %10ean), bidegabeko kaleratzeengatik 45 egun/urteko, gaixotasun arrunteko bajak %100ean izango dira 15. egunetik aurrera (probintziakoan 37. egunetik aurrera dira), amatasunaren lanaldi-murrizketan lan egiteko egunak aukeratu ahal izango dira, borondatezko erretiroa, eta absentismo-klausula.

Ikusten duzuenez, oraingo hau hitzarmen handi bat da, langileen antolakuntzaren emaitza. Langileek horretarako behar den sindikatu bakarra hautatu dute: ELA. Eta sindikatu horrekiko engaiamendua afiliazioaren bidez frogatu dute, plantillako ia langile guztiak afiliatu baitira.