Tubacex-en Hitzarmena sinatu du ELAk

2018/07/06
ELAk Tubacex-en hitzarmena sinatu du (Laudio eta Amurrio) hurrengo urteetarako, langileen %70ek ontzat eman baitute enpresaren azken eskaintza. Hitzarmen berriak eroste-ahalmenaren hobekuntza eta ultraaktibitate mugagabea jasoten ditu, besteak beste.

Hitzarmen berriari esker, gure eroste-ahalmena jasoko da. Izan ere, hurrengo urteetarako soldata-igoerak, kontzeptu guztietan, KPItik gorakoak izango dira (2017: KPI+%0,75; 2018: KPI+%0,50; 2019: KPI+%0,50; 2020: KPI+%0,75; eta 2021: KPI+%0,75).

Halaber, 1958, 1959 eta 1960 urteetan jaiotakoentzat errelebo-kontratua aplikatzea lortu da; hori dela-eta, 2023ko erdialdera arte aplikatuko da praktikan, eta errelebo-hartzaileak finko bihurtuko dituzte.

Hitzarmenaren indarraldiaren barruan 80 kontratu finko baino gehiago egingo dira, eta, gainera, beste hobekuntza hauek ere lortu dira: laneko arropa dohainik garbitzea; 5 urtera arteko adingabeak zaintzeko lan-utzialdia luzatzea; edoskitzaro-baimenaren denbora metatu ahal izatea; eta norberaren erabilerako egunak ordu soltetan hartu ahal izatea (norbaitekin medikuarengana joateko).

Enpresak, halaber, Laudioko eta Amurriko lantegietan 30 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du, hitzarmenaren indarraldiaren barruan.

Horrez gain, erreformaren aurkako klausulak mantenduko dira (aurreko hitzarmenean lortu zuen ELAk klausula horiek txertatzea, aurrera-eragin mugagabea izateko), malgutasuna mugatuko da, eta enpresak ez du hitzarmena salbuesterik izango.

Hitzarmen hau negoziazio gogor baten emaita da, atal sindikalaren ganorazko eta taxuzko lanaren fruitua, hain zuzen ere, eta Laudioko eta Amurrioko lantegietako langileen gehiengoaren onespena jaso du.