Tubacexek ez du gatazka konpondu nahi

Irailaren 6an Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientearen (ERTE) kontsulta-aldiko hirugarren bilera egin da. Aurreko bileran, Enpresa Batzordeak proposamen bat egin zuen, bai ERTEa barne hartzen zuena, bai gatazkari amaiera emateko kaleratzeen irtenbide orokor bat. Enpresak irailaren 6ko bileran erantzun du ERTEari buruz baino ez duela hitz egin nahi, eta ez duela lan gatazkarekin zerikusia duen punturik onartzen.
ELAren ustez, zuzendaritzaren arduragabekeria da gatazkari aurre egin nahi ez izatea, eta horrek erakusten du enpresak ez diola irtenbiderik eman nahi auziari. Gainera, irtenbidea topatu ahal izateko, laugarren akziodun nagusia den Eusko Jaurlaritzari ere esku hartzeko eskatu dio sindikatuak.