Tubacexeko 129 kaleratzeak eta neurri traumatikoak saihestea ezinbestekoa izan da ELAk proposamenari oniritzia emateko

2021/10/01
● Afiliazioak proposamenarekin aurrera egitea erabaki du, 125 baiezko, 50 ezeko, bi zuri eta baliogabe batekin.
● ELAk akordioa sinatuko du, baldin eta langileen ordezkaritzaren gehiengo bat badago
● Grebari esker lortu da proposamen berri bat mahaigaineratzea
 

Derrigorrezko kaleratzeak saihestea eta behin-behineko neurriak soilik onartzea. Horiek izan dira ELAk Tubacexeko borroka luze honetan ezarri dituen marra gorri nagusiak. Izan ere, Tubacexeko egoera koiunturala dela defendatu du hasieratik, bai grebaren bidez, bai epaitegietan, eta egoera horri erantzungo zioten neurriak soilik ziren onargarriak, hau da, behin-behinekoak. Horregatik, ELAko afiliatuek ontzat eman dute gaur goizean egin den asanbladan: ez direlako behartutako kaleratzerik egongo, eta ezarriko diren neurriak epe batean soilik aplikatuko direlako.

Halaxe azaldu du ELAko atal sindikalak asanblada osteko prentsaurrekoan, Edu Ibernia ELAko ordezkariaren eta komiteko buruaren ahotik, besteak beste. Hain zuzen ere, asanblada goizean egin da Laudioko futbol zelaian, eta 125 baiezko, 50 ezeko, bi zuri eta baliogabe batekin. Horrek esan nahi du %70 baino gehiago babesarekin egin duela aurrera proposamenak.

Gogoratu ditzagun aurreakordioaren oinarriak:

● 129 kaleratzeak baztertzeaz gain, EAEko Auzitegi Nagusiari ipinitako errekurtsoa erretiratuko du enpresak.
● 2021eko taulak %3-ko igoera izango dute.
● 2022-2024 bitartean, EPSVa %4-tik %1-era jeistsiko da eta lanaldia 40 ordura igo.
● Enpleguaren bermea 2024 arte ziurtatuko da, eta Laudioko eta Amurrioko lantokietan inbertsioak egiteko konpromisoa hartu du enpresak.

Esan behar da, proposameneko neurriak 3 urteetarako direla, eta epe hori amaitzean eskubide guztiak berreskuratuko dituzte langileek. Hala ere, eta nahiz eta behin behineko neurriak izan, lanaldia igotzeko proposamenean kontraesan nabaria dago: lan falta zegoela zioen zuzendaritzak lanaldia igo nahi du, eta ezarri nahi duen ABEEa ez da bateragarria ordu kopuruaren igoerarekin.

Hala ere, kaleratzerik ez izatearen garrantzia kontuan hartuta eta behin-behineko neurriak izanik, proposamena osotasunean aztertuta, afiliatuek baiezkoaren alde egin dute. Era berean, errekurtsoa Madrileko epaitegietatik baztertzea ere garrantzitsutzat jo dute, epaitegietako bidea eten eta kaleratzeak egiteko aukera bertan behera geratzen delako.

Azkenik, ELAk gogoratu nahi du, afiliatuen baiezkoa izanagatik ere, ez duela akordioa sinatuko, ez bada komitearen gehiengo baten babesarekin.

Tubacexeko langileek otsailaren 11z geroztik daude greba mugagabean. Langileon borroka eredugarria da, are gehiago negoziazioetan izan dire une gogorrak kontuan hartuta. Zuzendaritzak atzera egin duelako behin baino gehiagotan, maiz Jaurlaritzaren onespenarekin.