Zaratamoko Vulcanizados Zuloagako langileak, greban

Zaratamon, automobilgintzan aritzen den Vulcanizados Zuloaga S.L. enpresako langileek ELAk deitutako bigarren greba eguna izan dute. Pairatzen duten prekaritateari amaiera emango dion hitzarmena sinatzea da helburua. Langileek beste lau greba egun deitu dituzte: ekainaren 17a, 22a, 23a eta 24a. Hilaren 28tik aurrera greba mugagabea izango da. Gaur egun, kimikoen estatuko hitzarmena aplikatzen zaie, eta horren ondorioz, langile gehienek soldata oso baxuak dituzte; askok 1.000 euro baino pixka bat gehiago kobratzen dute hilean.
2021aren hasieran antolatzea erabaki zuten, eta hobekuntza nabarmenak izango zituen enpresa-hitzarmen baten alde borrokatzea. Hala ere, enpresako zuzendaritzak uko egin dio langileen erreklamazioak negoziatzeari eta aintzat hartzeari. Hori dela eta, azken asteetan hainbat lanuzte egin dituzte langileek, eta gaur, ekainak 15, bigarren greba eguna dute.