ATZERRITARTASUN LEGEA

“RGI-rako Kamerunen nituen paperak eskatu zizkidaten. Han inor ez baduzu, ezinezkoa da lortzea”

2023/03/15
Atzerritartasun Legeak pertsona migratuen eskubideak urratzen ditu eta muturreko prekarietatera kondenatzen ditu. Arrazakeriaren aurkako nazioarteko egunaren testuinguruan, ELAko afiliatu eta ordezkariekin hitz egin dugu, legeak zer suposatu dien kontatzeko.

Hurrengo lekukotasuna egoitzetako kide batek eman zigun. Bere izaera aldarrikatzailea dela eta, lankideak bere lantokian ordezkatzeko hautagai gisa aurkeztu zuen bere burua eta duela hilabete gutxietatik delegatua da. Hala ere, bere burua babesteko anonimatua mantentzea erabaki du. Kamerunen jaio zen, eta elkarrizketatutako gainerako pertsonek bezala, bere egoera erregularizatzeko prozesua nolakoa izan den kontatu digu.

Harentzat ere prozesua ez da erraza izan, “paperak 6 urtez entregatu ondoren, herritartasuna eman zidaten, eta tarte horretan lehendik zituzten paperak eskatu zizkidaten, dagoeneko eman nizkienak eta behar bezala zeudenak”, kontatzen du. “Naziotasunaren paperekin lagundu ahal izateko, kanpoko abokatu batek lagundu behar izan zidan, oztopo asko jarri zizkidatelako” zehazten du eta azaldu duenez, naziotasunaren paperen zain egoteko prozesu burokratiko horrek bere plan guztiak baldintzatu zituen.

Kontabilitate eta marketin ikasketak egin zituen Kamerunen, “egia esan, zenbakiak nahiko ondo ematen zaizkit, baina hemen ez didate inoiz nire lana eskaini”, bere garaian aukeratu zuen lanbidean ezin aritzera kondenatzen dituen errealitate bat kontatzen du. “Berriro ikasi behar izan nuen, zaintzarekin lotutako zerbait, horrelako lanak bakarrik eskaintzen zizkidatelako (haurrak zaintzen, adinekoak zaintzen)”, kontatzen du eta azaltzen digu azkenean erizaintzako laguntzailea ikastea erabaki zuela, lana eman ziezaioketen gauza bakarra zelako. Hemengo jendeak harriduraz begiratzen dio zer ikasi zuen esaten duenean, ez dute sinesten, “aurreiritzien kontua da, ez dute uste ni bezalako pertsona batek aldez aurreko ikasketak izan ditzakeenik.

Harentzat ere ez da erraza izan etxebizitza eskuratzea. “Gaur egun, bizi naizen etxea hezetasun-arazo askorekin dago. Urteak daramatzat kexatzen, baina ez didate kasurik egiten”. Azaltzen duenez, azentuagatik baztertu izan dute pisu bila aritu izan denean, alokatuta zegoela esaten zioten, eta, iragarki berari buruz galdetuz azenturik gabeko beste lagun batek deitzean, aldiz, eskuragarri zegoela esaten zioten. Aurreiritzi horiek beste esparru batzuetan ere ematen dira, arrazakeria orokorra da, “jendeak ez daki zein mundutan bizi den, jendeak uste du dena etorkinen errua dela”.

Bere kasuan arrazakeriak eta aurreiritziek bere bizitza eta osasuna arriskuan jartzera eraman zuten: “Medikuarengana joan nintzen oso gaizki nengoelako. Ospitalera joan aurretik osaba bati deitu nion, Kamerungo doktoreari, eta peritonitisa zuela esan zidan”. Hala ere, ospitalera iritsi zenean, hilabete eta erdiko alaba besoetan zuela, “ez zidaten jaramonik egin, ezer ez nuela esan zidaten eta iraindu egin ninduten”. Hilabete eta erdiko alaba ospitaleko jantziarekin bildu eta farmaziara joan behar izan nuen, hori baita errezetatu zidaten gauza bakarra”. Hori guztia Gasteizen elurra egin zuen egun batean gertatu zen, eta taxilari baten laguntzari esker, dohainik eraman zuen farmazia batera joan eta etxera iritsi ahal izan zela kontatzen du.

Egoera ez zen hor amaitu; izan ere, egun batzuetara minak eraginda paralizaturik gelditu zen, eta medikuarengana itzuli behar izan zuen. Larrialdiko ebakuntza egin zioten, peritonitisa zuen. “Ebakuntza egin zidaten medikuek ez zuten ulertzen nola ez ninduten artatu. Ospitalean salatzea iradoki zidaten, baina nik eta senarrak istiluetan ez sartzea erabaki genuen. Hilabetetan ospitaleko gutun asko iritsi zitzaizkidan barkamena eskatuz”.

Arrazakeria-esperientziak asko izan direla dio, eta haiek ikusten zituen jendeak ez zuela ezer egiten hori eragozteko; “Behin hiri-autobusean arazoak izan nituen haurraren aulkitxoa igotzeko eta inork ez zidan lagundu, ezta urtebeteko semeari eskua heldu ere. Autobus-gidariak garrasi eta irain egin zidan, eta autobusean zegoen inork ez zuen ezer esan”.

Berak azaldu digunez, prozesu burokratikoa ez dela amaitzen paperak eskuratzearekin, horrela kontatzen du: “RGI-a eskatzeko Kamerunen nituen paperak eskatzen zizkidaten, han inor ez baduzu ezinezkoa da horiek lortzea, joateko hegaldiak oso garestiak dira, eta, horregatik, han familiarik ez baduzu, laguntzarik gabe geratzen zara”.

Arrazakeriaren ondorioz, alabak medikuntza ikastera Frantziara joatea erabaki du; azaldu duenez, hemen jaio arren, ingelesa, frantsesa, gaztelania eta euskara ondo ulertu eta hitz egin arren, ez zioten lanik ematen hizkuntz ondo ez menperatzea aitzaki gisa jarriz.

Egoera horiek guztiak direla eta, behin baino gehiagotan pentsatu izan du bere herrialdera itzultzea, “gauzak horrela zirela jakin izan banu, ez nintzatekeen etorriko”.