UPV/EHU Uda ikastaroak
Arrazakeriaren aurkako borroka barne hartuko duen negoziazio kolektiboaz aritu da ELA, Bilbon egindako topaketetan
KCDk antolatu dituen EHUko udako ikastaroetan parte hartu du ELAk, zehazki, Migrazioak, identitatea, bizikidetza eta arrazakerien aurkako topaketan. Inaugurazio hitzaldian, Sani Landanek -migrazioetan aditua eta kulturarteko bitartekaria- argi utzi du "gorrotoari aurre egiteko modurik eraginkorrena pertsona ahulenen eskubideak bermatzea dela, baita kontrabotere guneak sortzea ere". Helburua, azaldu du, pertsona ahulenek beren eskubideen defentsan aktiboki parte hartzea da.
Aurrekoaren ildotik, ELAko kide Katia Hernándezek adierazi du sindikatuaren lana funtsezkoa dela bazterkeria eta esplotazio arrisku handiena duten pertsonen (kasu honetan hego globaletik migratu duten pertsonen) lan eskubideak konkistatzeko eta defendatzeko. "Ezinbestekoa da arrazakeriaren aurkako borroka barne hartuko duen negoziazio kolektiboa garatzea kolektibo horren eskubideak blindatzeko eta babesteko", azaldu du.
"Klaseko sindikatu gisa, eta aintzat hartuta euskal langileria anitza dela, kontraboterean oinarritutako sindikalismoa egiten dugu. Argi daukagu negoziazio kolektiboak ere arrazakeriaren aurka borrokatzeko tresna izan behar duela", gehitu du.