XENOFOBIA
ELAk “kutsu faxista” duten azken adierazpen xenofoboak salatu ditu
Kasu gehienetan, herritarren segurtasun falta eta immigrazioak dakartzan arriskuak aipatzen dira, besteak beste. ELAren ustez, ordea, ez dago arazorik segurtasunarekin edo immigrazioarekin, baizik eta politika antisozialekin, ez baitira kubritzen jende ahulenaren oinarrizko premiak. “Etxebizitza eskuratzeko arazoak, inflazioaren gorakada, aberastasunaren banaketa bidegabea eta beste hainbat arazo medio, pertsona batzuek "errudunak" bilatzen dituzte etsi-etsian. Errudun horiek, beste behin ere, migratzaileak dira”, kexu da sindikatua.
Datuak luzatu ditu. 2023an, adibidez, EAEn erregistratutako gorroto delituen %64 arrazistak edo xenofoboak izan ziren, eta aurreko urtearekin alderatuta delituen kopurua jaitsi bada ere, pandemia aurretik baino 3 aldiz handiagoa da oraindik.
ELAk dio jende asko ari dela gertakari horiek adingabeei buruzko eztabaidarekin lotu nahian. Sindikatuak, ordea, uste du Espainiako Estatuaren eta EBren migrazio-politiken porrotaren ondorio dela. “Inoren kargura ez dauden adingabeen kopurua gero eta handiagoa da, beti ere, milioika pertsona migratzera behartzen dituen sistema ekonomiko baten ondorioz. Sistema horrek enpresa transnazionalen interesak gailentzen ditu eta herrialde pobretuetan giza eskubideak, eskubide ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumenekoak urratzen ditu”.