ARRAZAKERIAREN AURKAKO KANPAINA

ELAk arrazakeriaren aurkako kanpaina abiatu du ordezkari migranteekin

2024/05/30
'Guztion prekaritatea borrokatu. Por un sindicalismo antirracista' lemapean, ELAk jatorri migratzaileko hogei bat ordezkari elkartu ditu gaur Tuteran. Topaketa honen helburua izan da migratzaileei eguneroko bizitzan eragiten dieten bizipen pertsonalak eta lanekoak partekatzea, bai eta migratzaile izateagatik jasaten dituzten diskriminazioak ere.

ELAk 200 ordezkari migratzaile inguru ditu Hego Euskal Herrian, eta horien %50 Nafarroan daude. Erriberan bakarrik, ELAk jatorri migratzaileko 31 ordezkari ditu. ELAk konpromisoa hartu du arrazakeriaren aurkako kanpaina 350 atal sindikal baino gehiagotara eramateko Nafarroa osoan, bere militantzia aktibatzeko lantokietan diskriminazio-egoerak identifikatzen eta arrazakeriaren aurkako borrokan.

Arrazakeriaren aurkako borroka zuzenean lotuta dago prekarietatearen aurkako borrokarekin, migratzaile gehien dituzten plantillak baitira normalean prekarietate handiena pairatzen dutenak. ELAk prekarietatearen aurka duen borroka etengabeak eragin du Erriberan %23tik gorako ordezkaritza izatea. Azken hilabete eta urteetan, gainera, ELAk ordezkaritza handia lortu du Uvesa, Congelados de Navarra eta antzeko enpresetan, non langile gehienak migratzaileak diren.