ARRAZAKERIAREN KONTRAKO EGUNA

ELAk Atzerritartasun Legea indargabetzea eskatu du

2023/03/21
Prekarietatera kondenatzen ditu pertsona migratuak eta zaildu egiten du oinarrizko eskubideak eskuratzea.

Gaur, martxoak 21, arrazakeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, ELAk elkarretaratzea egin du Bilbon Atzerritartasun Legea indargabetzeko eskatuz; izan ere, lege honek larri urratzen ditu migratutako pertsonen eskubideak.

 

Hiru urte igaro arte lan-baimena ukatzeak irregulartasunera eta prekarietatera kondenatzen ditu norbere jatorria uztea erabaki edo uztera behartuak izaten diren pertsonak. Gainera, abuztuan egindako erregelamenduaren erreformak eskulan merkearen kontratazioa erraztea baino ez duela bilatzen, honek pertsona migratuen instrumentalizazioa elikatzen duelarik. Ondorioz, errotiko eraldaketa exijitzen dugu; pertsona migratuen erregularizazioa ez baldintzatua eta Atzerritartasun Legearen indargabetzea, hain zuzen ere.

Era berean, Legeak migratutako pertsonen estigmatizazioa elikatzen du, honek bigarren mailako herritar gisa sailkatzen dituelarik, osasuna edota hezkuntza moduko oinarrizko eskubideetarako sarbidea zailduz. Gainera, pertsona askok ezin dute erroldarik eskuratu eta hori funtsezko oztopoa da eskubide horiek eskuratzeko.

Jatorrizko tokiak utzita bidean gertatzen diren heriotzak, zein Espainiako poliziaren esku mugetan eman izan direnak, sistema beraren baitan kokatzen dira, alegia hiltzailea den sistema baten baitan. Era berean, urtarrilean Uribarri auzoan, etxola batean gaua pasatzen ari zen pertsona baten kontra eragindako erasoa ere, pertsona migratuekiko gorrotoa eta mesprezua elikatzen duen sistema baten baitan kokatu behar dira. Atzerritartasun legea arrazakeriak instituzioetan hartzen duen formarik larriena da eta honek, besteak beste, pertsona migratuen etxebizitza eskubidea oztopatzen du.

Guzti honengatik, joan den astean, kanpaina bat abian jarri genuen “Eskubide guztiak guztiontzat. Ley de Extranjería= Precariedad” lelopean, non Atzerritartasun Legearen inpaktuak eta oztopoak lehen pertsonan bizi izan dituzten militanteen lekukotzak bildu genituen.

Kanpainari amaiera emateko, elkarretaratzea egin dugu gaur Plaza Eliptikoan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean, bera seinalatzen baitute egoera honen arduradun nagusi gisa. Bertan, sindikatuko dozenaka lagun bildu dira, aipatutako araudiaren bidez azaleratzen den arrazakeria instituzionala salatzeko.

Elkarretaratze honetan ELAk prekarietearen kontra daukan konpromisoa berretsi eta sindikatu gisa prekarietatea larriagotzen laguntzen duten eragile, lege eta/edo erakundeak seinalatzeko daukan erantzukizuna azpimarratu dugu. Amaitzeko, administrazioari eskatu diogu migratzaileei entzun diezaiotela, salbuespenezko egoera burokratiko amaigabe eta bidegabe honi lehenbailehen amaiera emateko.