MIGRAZIOA

ELAk EBren migrazio politika deshumanizatzailea salatu eta Ruandarako deportazioak arbuiatu ditu

2026/11/18
ELAk EBren migrazio politika deshumanizatzailea salatu eta Ruandarako deportazioak arbuiatu ditu
Sindikatuak salatu duenez, EBk pertsona migratzaileak instrumentalizatzen ditu, beren eskubideak urratu eta beren herrialdeetatik alde egitera behartzen dituzten kausen aurrean beste alde batera begiratzen duten bitartean.

Alemaniako, Austriako, Danimarkako, Greziako eta Herbehereetako gobernuek akordio bat iragarri dute Ruandan deportazio-zentro bat sortzea bultzatzeko, beraien asmoa da asilo-eskaerak ukatu zaizkien migratzaileak bertara bidaltzea. ELAk salatu du erabaki honek pertsona migratzaileen eta Europar Batasuneko migrazio politikaren deshumanizazioan urrats bat gehiago dakarrela. Migrazioaren eta Asiloaren Europako Itunarekin gertatu zen bezala, EBk berriz ere erakutsi du mugen kontrola eta kanporatzeak giza eskubideen errespetuaren aurretik jartzen dituela.

Politika hipokrita bat da, ez baititu kontutan hartzen milioika pertsonak beren herrialdeak uztera behartzen dituzten arrazoiak. Gerrak, pobrezia, baliabide naturalen espolioa, larrialdi klimatikoa eta oinarrizko eskubideen urraketa ez dira mendebaldeko potentzien politiketatik at dauden fenomenoak. Hala ere, erantzukizuna bere gain hartu beharrean, mugak itxiz eta politika horien ondorioak pairatzen dituztenak kanporatuz erantzuten du Europak.

Sindikatuak pertsona migratuen inguruan egiten den erabilera instrumentalizatzailea salatu nahi du. Europar Batasunak beraien etorrera eskatzen du sektore ekonomiko jakin batzuen eskulan beharrak asetzeko, askotan prekarietate eta lan esplotazio baldintzetan, baina aldi berean kriminalizatu egiten ditu eta kanporatu egin nahi ditu behar ez dituenean. ELAren ustez, eskubideak pertsonen errentagarritasun ekonomikoaren eta egoera administratiboaren gainetik egon behar dute.

Ruandarekin lortutako akordioa bereziki larria da; Pertsonak kanporatu nahi dituzte inolako loturarik ez duten eta giza eskubideen urraketen salaketa larriak dituen herrialde batera. Gainera, zentro horietan egongo diren baldintzei buruzko bermerik ez dago; eta askatasunik gabeko gune bihurtzeko arriskua dute. Hainbat erakundek ohartarazi dute adingabeek, emakumeek, sexu disidenteek et abarrek izan dezaketen arriskuaz. Deportazioak kanpora ateratzeak ez du kentzen Europako gobernuek kanporatutako pertsonek pairatzen dituzten eskubide-urraketen gainean duten erantzukizuna

ELAk erabat arbuiatzen ditu migrazio-politika arrazista eta deshumanizatzaile hauek, eta erabateko norabide aldaketa eskatzen du. Deportazio politikak, kriminalizazioa eta mugen externalizazioa alde batera utzi behar dira, eta migratzeko legezko bide seguruak martxan jarri behar dira, asilo-eskubidearen bermea, pertsona guztien erregularizazioa eta gizarte- eta lan-eskubideak baldintza berdinetan bermatzen dituzten harrera-politika publikoak bultzatu. Era berean, ezinbestekoa arrazakeria instituzionala, lan-esplotazioa eta da eskuin muturrak elikatzen dituen gorroto-diskurtsoei aurre egitea. ELAk Gasteizko eta Iruñeko Gobernuei politika deshumanizatzaile eta arrazista hauen aurkako jarrera irmoa hartzeko eta migratzaileentzako harrera-politika duinak aplikatzeko exijitzen die.