ELAk eskubide guztiak aldarrikatzen ditu pertsona guztientzat eta bat egiten du Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Egunerako kolektibo antiarrazista eta antifaxisten aldarrikapen eta borrokekin

2020/03/21
1960ko martxoaren 21ean, Hegoafrikako Sharperville herriko poliziak 69 pertsona erahil zituen apartheid legearen aurkako manifestazio baketsu batetan. 60 urte geroago, 2020ko martxoaren 21ean, Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, munduak ezohiko osasun-alarmaren krisi bati egin behar dio aurre COVID-19 birusaren ondorioz. Birus horrek ikusgarriago egin du oraindik aspalditik pairatzen dugun krisi sistemikoa, generoari, arrazari edota klaseari erreparatuz, besteak beste. Gaur bezalako egun batean, non mugak itxi egiten diren eta pertsonak gure etxeetan konfinatzen garen.

ELA sindikatutik bat egiten dugu gure herriko kolektibo antiarrazista eta antifaxista ezberdinetatik eta leku ezberdinetatik egunotan egiten diren aldarrikapen eta borrokekin. Arrazakeria, xenofobia, faxismo eta eskuin muturraren aurkako elkartasuna eta batasuna ezinbestekoak dira garai hauetan Greziako errealitateak, adibidez, erakusten digun moduan.

"Inor ez da ilegala" edo "guztiontzako paperak", beti izan dira oinarrizko aldarrikapenak termino politikoetan, baita humanoetan ere; izan ere, pertsona edota kolektiboren bat diskriminatua izan bada eta haien oinarrizko eskubideak etengabe urratuta ikusi badituzte, pertsona migratu eta arrazializatuena izan da. Galde diezaietela bestela, estatu espainiarrean egoera administratibo irregularrean dauden pertsonei. Atzerritartasun Legeak ez du barkatzen.

Orain, tokiko zein estatuko gobernuak bizitzen ari garen salbuespen-egoeraren aurrean inork ezin duela atzean geratu esaten digute, baina gogoan izan behar dugu pertsona guztiek ez dietela egoera eta errealitate berdinei aurre egiten. Mundu guztia ezin da etxean geratu batzuk ez baitute etxerik ere. Esate baterako, etxeko langile eta langile interna asko, kalean bizi diren pertsonak, bakarrik dauden adingabe asko, edo CIEetan (Atzerritarrentzako Internamendu Zentruak) falta administratiboengatik internatutako pertsonak, askatu beharko liratekeenak eta bizitoki-alternatiba bat beharko luketenak.

Pertsonak eta bizitzak erdigunean jarriko baditugu, premiazkoa da lan eta bizi prekarietatearen aurrean lanean dihardugun kolektibo eta pertsonen arteko aliantza eta konfiantza politikoa sustatzea. Mugimendu sindikala, feminista, antiarrazista, ekologista, gazte mugimendua, pentsiodunen mugimendua...

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Egunean indar handiagoz aldarrikatu behar dugu, eta agintariei exijitu "inor ezin dela atzean geratu" esaldi hori ezin dela alarma egoera honetan bakarrik egiten den adierazpen instituzional hutsal bat izan. Beharrezkoa dela benetako neurriak hartzea berehala, egoera administratibo irregularrean dauden pertsona migranteak erregularizatuz, atzerritartasun legea eta bestelako politika arrazistak bertan behera utziz, CIEetan falta administratiboengatik internatuta dauden pertsonak edota gizarte-prestazio eta etxebizitza eskubidearen inguruan neurri zehatzak proposatzen zituen pobreziaren eta bazterketa sozialaren kontrako Herri Ekimen Legegilea onartuz besteak beste.

Bitartean, eta kaleetan bat egin arte, agian guztion aldarrikapen oinarrizkoena den Eskubide guztiak pertsona guztientzat! oihukatzen jarraituko dugu, bai martxoaren 21ean eta baita egunerokoan ere.