ARRAZAKERIAREN AURKAKO EGUNA

ELAk kanpaina bat jarri du abian Atzerritartasun Legea indargabetzeko eskatzeko

2023/03/14
Martxoaren 21ean arrazakeriaren aurkako nazioarteko eguna ospatzen da. ELAk agerian utzi nahi du egungo Atzerritartasun Legeak pertsona migratuen eskubideak urratzen dituela, hauek prekarizazio larrira kondenatuz. Administrazioak enplegu bat lortzeko baimena hiru urte igaro arte ukatzen duenean irregulartasunera eta miseriara kondenatzen ditu jatorrizko tokiak uztera behartuak izan diren pertsona guztiak.

Lege honek oinarrizko beste eskubide batzuk ere urratzen dituela salatu nahi dugu, hala nola, gizarte-prestazioetarako, osasungintzarako edota hezkuntzarako sarbidea. Horretarako, egoera honi aurre egin behar izan dioten pertsonengana jo dugu, instituzioetan arrazakeriak hartzen duen formarik muturrekoenak egoera zaurgarrian utzi dituen horiengana, eta haiek nolakoa den kontatu digute.

Aste honetan zehar pertsona desberdinek beraien bizipenak partekatuko dizkigute; Atzerritartasun Legeak nola eragin dien eta egoitza zein lan-baimena lortzeko zein oztopo gainditu behar izan dituzten azalduko digute beraien testigantzen bitartez. Martxoaren 21ean bertan, 11: 30ean, Espainiako gobernuak plaza eliptikoan duen delegaritzaren aurrean egingo den elkarretaratze batekin amaituko da kanpaina, Espainiko gobernua baita egoera larri honen erantzule nagusia.

Izugarrikeria honen muturreko adierazpena bidean hiltzen diren edota mugan espainiako poliziaren eskuetan hil direnen heriotzetan ikusi dugu. Baita gure kaleetan gertatzen diren beste heriotza mota batzuekin ere, migratutako pertsonei etxebizitzarako sarbidea zailtzen denean gertatzen direnak.

Ez dugu nahi pertsona migratuak eskulan merkearen kontratazioa errazteko tresna gisa erabiliko dituen erreformarik, benetako aldaketa nahi dugu, Atzerritartasun Legea indargabetzea nahi dugu.

Gure gain hartzen dugu prekarietatea eta prekarietatea larriagotzen laguntzen duten faktore, lege eta/edo erakunde guztiak salatzeko sindikatu gisa dugun erantzukizuna, eta, horregatik, administrazioari eskatzen diogu pertsona migratuei entzun diezaiela; izan ere, haiek baino hobeto ezin du inork transmititu gorabehera burokratiko amaigabe horren errealitate gordina. Egoera honi lehenbailehen amaiera eman behar diogu, hiltzen, prekarizatzen eta baztertzen duen legea behin betiko indargabetuz.

Eskubide guztiak pertsona guztientzat. Inor ez da ilegala.