Eskubide murrizketak indefentsio handiagoa

2011/12/12
Migrante langileen eta hauen senideen eskubideen aldeko nazioarteko eguna dela-eta, ELAk kezka adierazi nahi du hainbat arrazoi medio: etengabeko murrizketa sozialen politika, eskubideen galera eta horrek guztiak gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden immigranteengan duten eragina dira kezkatzeko motiboak.

Immigranteen prekarietatea gero eta handiagoa da, soldatarik apalenak diren sektoreetan egiten baitute lan. Halaber, krisiak hedatu duen langabezia maila altua jasaten dute, eta honek gobernuei lan-merkatuak babesteko ustezko neurriak hartzeko bidea irekitzen die; ondorioa, batez ere immigranteen kaltetan doazen murrizketa gehiago.

Debekuak ezartzen dira, adibidez jatorrian kontratatzea, familiak biltzea, sarrera eta egonaldiaren gaineko kontrol zorrotzagoa, itzulera bultzatzea, edota paperak berritzeko eskakizun gogorragoak. Hau guztia, Atzerritarren Legean azken urteetan izan den rreformarik latzena egin dutelarik; hau, ordea, are gehiago gogortuko da PPk iragarri duena betez gero: errotze sozial zein laborala medio iristen den erregularizazio aukera kentzea.

Hori bezain gogorra da Gasteizko eta Iruñeko gobernuak hainbat prestazio jasotzeko eskubidea izateko aukera nola eragozten duten, hala nola Diru-Sarrerak bermatzeko eta Gizarteratzeko Legean, EAEri dagokionez, edota Gizarteratzeko Errenta arautzen duen Legean, Nafarroan. Horrelako politikak zuritzeko egiten dituzten adierazpenekin, berriz, immigranteak gizarte-laguntzak lortzeko lehiakide gisa ikusten dituzte askok.

Halaber, ELAk salatu egin nahi du Jaurlaritzak Heldu ixtean aholkularitza juridikoa nola zatikatu zuen; gainera, immigranteek informazio eta aholku gutxiago dutenean gizartetik kanpo geratzeko arrisku handiagoa dute, eta abusu eta xantaia egoera ugariago pairatzen dute.

Erabaki politikook bidegabeak ez ezik arduragabeak dira, gobernuek herritar immigranteak erabili egiten baitituzte gizarte-politikak murrizteko aitzakiatzat; hartara, herritarren artean jarrera xenofobo eta arrazistak zabaltzeko aukera ematen dute.

Azkenik, ELAk Abenduaren 18a baliatu egin nahi du pertsona guztien eskubideen aitortza aldarrikatzeko, edozein dela ere beren jaioterria, eta erakundeei gizarte-politikak  alda ditzatela eskatzeko.