Justizia defenditu, berdintasuna garatzeko (Iritzia)

2012/12/18
Abenduaren 18a, migrante langile eta hauen senideen eskubideen aldeko eguna. Rajoyren gobernuak bizileku-baimena eman nahi die 160.000 eurotik gorako balioa duen etxebizitza bat erosten duten immigranteei. Erabaki hau larria da, eta helburu bakarra du: etxebizitzen stock-a murriztea, finantza eta higiezinen sektoreari mesede egite aldera; hain zuzen, krisi honen ardura duen sektoreari.

Proposamen horrek hankaz gora jartzen ditu demokraziaren eta herritar izateko eskubidearen oinarririk funtsezkoenak, berdintasun printzipioa pertsonen diru-sarreren menpean jartzen baita. Baliabide gutxien dutenak etxerik gabe uzten dituzte, eta bizileku-baimena ematen zaie dirua dutenei.

Hots, hau ez da immigrazioari buruzko auzi bat, klaseari dagokiona baizik. Izan ere, bere gainerako politika instituzionalean bezalaxe, Gobernuak pobre eta aberatsak bereizten baititu.

Etxetik botatzeko politikari gehitu egin behar zaio erreformen eragina (osasun-sistemakoa, txartelarena, botikak berrordaindu beharra, BEZaren igoera…). Jende honek ez baitauka, beste batzuk bezala, gizarte- edo famili-sarerik krisiaren zartadak arintzeko. Duela hamar urtetik hona, immigrante gehienentzako lan aukerak behe mailakoak izan dira, eta hauek orain desagertzen ari dira edo lan-baldintza gero eta prekarioagoak dituzte.

Horren ondorio dira langabezia-tasa altuak, “borondatez” itzultzera eramaten dutenak, edota “klandestinitatea” gehitzea, egoera noiz aldatuko ote den esperoan. Honi gaineratuz gero baztertze sozialari eta pobreziari jazartzeko politikarik ez dela egiten, xenofobia zabal dadin baldintzak sortzen ari dira.

Atzerritarren aurkako jarrera isilpean hedatzen da, eta halako batean eztanda egiten du, Grezian ikusi dugun bezala. Hori da murrizte eta austeritate politikaren beste emaitza; politika honen helburua, pobreak beren artean mokoka ibiltzea, sakoneko eztabaida soziala eta politikoa saiheste aldera.

Hau guztia dela medio, ELAk gobernuei eskatzen die immigranteekiko tratuan aintzat har dezala berdintasunaren eta gizarte-justiziaren printzipioa. Marko juridikoa berritu beharra dago, legearen aurrean pertsona orok eskubide guztiak izan ditzan.

Hortaz, ELAk abenduaren 14an, migrante langileen eskubideen aldeko eguna ospatzeko bezperatan alegia, ekitaldi bat egin du eta kalera atera da; sindikatuak gogoeta bultzatu nahi du immigranteen aurkako estereotipoak hedatzea zerk eragiten duen ikusarazteko. Izan ere, gogoratu beharra baitago desberdintasunak gorabehera guztiok garela langile eta guztiok mugitzen gaituela gizarte hobe eta justuago bat lortzeko nahiak.