ARRAZAKERIAREN AURKAKO EGUNA
Maria Teresa: “Paperik gabe zaudenean, babesgabe eta ahul sentitzen zara. Beldurra sentitzen duzu”
Amaren premiazko operazio batek Maria Teresa bere lurralde uztera eraman zuen. “Nire herrialdean osasungintzak oso kostu handia du. Amari giltzurrun bat kendu behar zioten eta ezin zuen ebakuntza ordaindu. Beraz, Espainiara lan bila joatea erabaki nuen. Valentziara 60 eurorekin iritsi nintzen” gogoratzen du. Han hilabete eman ondoren, Bilbon bizi zen lagun baten laguntza onartu zuen. Iritsi bezain laster, lanpostu bat lortu zuen: lau haur zaintzea. Bien bitartean, bere lagunaren anaiaren etxean bizi zen, eta hark 40 euro kobratu nahi izan zizkion gau batean lo egiteagatik. “Lurrean lo egin eta alfonbra batekin estali behar izan nuen. Aurre egin nion tipoari. Azkenean, kalera bota ninduten alabarekin, pijaman!”. Salatu du jende askok probetxua ateratzen duela Atzerritarrei buruzko Legeak eragiten dizun zaurgarritasun egoeraz.
“Neska asko Paraguaitik eta Nikaraguatik etortzen dira zaintzaile lanak egitera. Ez dute non bizi; beraz, 400 euroren truke eta 24 orduz lan egitearen truke, etxebizitza bat eskaintzen diete. Kalean ikusten baduzu zeure burua, paperik gabe, non bizi izan gabe, onartu egiten duzu”, azaltzen du. Nik zortzi hilabetetan zehar egunean 12 orduz lan egin nuen, eta ostiraletan 16 orduz, goizeko ordu biak arte, 650 euroren truke. Baina haur bat neukan eta jaten eman behar nion. Nire burua esplotatzen utzi nuen nire familia ekarri ahal izateko. Zortzi hilabeteren buruan, azkenean ekarri ahal izan nuenean, lanez aldatzea erabaki nuen. Han abiatu nintzen eta esan nuen: "Ez dut inoiz gehiago utziko inork berriro leher nazan!".
Gertutik ezagutzen du egoera irregularrean egoteak zer dakarren. “Bost urte behar izan nituen paperak lortzeko. Paperik gabe egoteak esan nahi du legez kanpokoa zarela, horrela ikusten zaituzte. Babesgabe eta ahul sentitzen zara. Beldurra sentitzen duzu, izua”, gogoratzen du.
“Iritsi berria nintzenean, lagun asko nituen, bideko ahizpak, nik horrela deitzen ditut, beren nagusiek beren lanagatik ordaintzen ez zietenak. Soldata eskatzen bazieten, poliziari deituko ziotela mehatxatzen zuten. Ni ez nintzen xaxatzen eta deitzeko esaten nien, nik Lan Ikuskaritzara deituko nuela.”
"Ordaintzen ez baduzu, ez gara joango", esaten nien. “Kemenez egiten nion aurre.”
Adierazi du arrazakeria oraindik ere oinarrizko gaietan dagoela, hala nola etxebizitza bat eskuratzean. “Halako batean, lagun boliviar batentzako etxebizitza bat ikustera joan ginen. Bi neska nazional eraman behar izan nituen eta nire kontratua eta nomina eskaini konfiantza izan zezaten”.
Beste batean, Maria Teresa komisariara eraman zuten. Iritsi eta berehala gertatu zen. Pisu bat alokatu zuen bera eta bere semea bizitzeko. Orduan, lege-aholkularitza batekin lan egiten zuen Algortan (Bizkaia), eta erabaki zuen bere egoeran zeuden beste pertsona batzuei laguntzea, lana bilatzeko aholkuak emateko bere etxean hartatzen zituen. “Pisuko jabearen alabak esaten zidan guk ezin genuela igogailua erabili, eskailerak bakarrik erabiltzeko. Egun batean, higiezinen agentziaren dei bat jaso nuen, gehienez hilabeteko epean etxebizitza utzi behar nuela esanez, urtebeteko kontratua nuenean. Nik garaiz ordaintzen nuen, eta ez nuen kontratuko klausularik urratzen”.
«Oso borroka gogorra da, guk uste dugulako arrazakeriaren aurkako sindikalismoa eraiki behar dela, baina beste batzuek baietz dioten arren, praktikan ez daude aldatzeko prest», ondorioztatu du Maria Teresak.