ARRAZAKERIAREN AURKAKO EGUNA

Mohamadou Ly: “Nork kontratatuko gaitu paperik gabe?”

2023/03/14
Atzerritartasun Legeak pertsona migratuen eskubideak urratzen ditu eta muturreko prekarietatera kondenatzen ditu. Arrazakeriaren aurkako nazioarteko egunaren testuinguruan, ELAko afiliatu eta ordezkariekin hitz egin dugu, legeak zer suposatu dien kontatzeko.

Mohamadou Ly Senegalen jaio zen eta 2005ean iritsi zen Espainiara, pateran. Lehenengo Bartzelonan bizi izan zen, kalean saltzaile gisa. “Egun batzuetan poliziak saltzeko geneuzkan gauzak kentzen zizkigun. Ez gintuzten kartzelara eramaten, baina jateko ematen zizuna kentzen zizuten”. 2012tik Euskal Herrian bizi da.

Lan egiten dudan enpresan gehienak Senegalgoak gara. Jendeak gaizki begiratzen gaitu, eta esan ere egin didate: Lana kentzera zatozte. Nik erantzuten diet: `guk egiten dugun lana zuek ez duzue nahi. Guk ez dugu ordenagailuarekin lan egiten, garbitzen lan egiten dugu, eskuekin, bizkarreko minarekin; hori zuek ez duzue egin nahi. Nagusiak ez gaitu kontratatzen onak garelako, baizik eta badakielako beste batzuek ez luketela lan hori egingo.

Gogoratu du 2005ean, Espainiara lehen aldiz iritsi zenean, legeak hiru urtez bizitzera behartzen zuela paperak lortzeko. Urtebeteko aurrekontratua eskatzen zioten eta hori zen zailena: “nork kontratatuko gaitu paperik ez badugu?”.

Lehen pertsonan bizi izan zuen, Bartzelonatik Lleidako herri batera fundizio-enpresa batera lan bila joan zenean. “Une hartan gazteleraz ere ez nekien. Arduradunari esan nion lan egin behar nuela, eta galdetu zidan ea paperik ba ote nuen. Ezetz esan nion, baina bizitza bilatu behar nuela. Nola emango dizut lana orduan? esan zidan. Frantzian bizi zen lagun bat nuen eta berak ez zituen Espainiako paperak behar. Beraz, azkenean lagunaren papelekin kontratatu ninduten. Hiru urteren ondoren, nagusiari azaldu behar izan nion ni kontratatzeko erabili nituen paperak ez zirela nireak, eta kontratu bat eskatu nion”. Urtzea oso lan gogorra da eta horretarako prest zegoen jende indartsua behar zuten: “Mesedea egin zidaten hiru urte igaro ziren arte, eta nire egoera erregularizatu ahal izan nuen”.

Hala ere, egoitza-baimena lortzeak ez ditu kezkak desagerrarazten. Horrela azaltzen du Ly-k: “Hasieran ez nuen paperik eta uste nuen lasaiago egongo nintzela paperak nituenean. Hemen geratu behar duzu paperak eman arte. Eta gero paperak lortzen dituzunean ere arazoak dituzu, lehen Senegalera joan nintekeelako eta han geratu nahi nuen denbora guztian, baina paperekin ezin duzu. Lan egiten duzunean ezin zara Espainiatik irten hilabete baino gehiago. Paperak ken ez diezazkizuten, hemen geratu behar duzu”.

Oraindik ez du herritartasuna, nahiz eta Espainian 17 urte izan (Legeak 10 urte eskatzen ditu). “Legea aldatu egin da, eta orain ere ikastaro batzuk egiteko eta azterketa batzuk gainditzeko eskatzen dizute. Nola ikasiko dut egun osoan lan egin behar badut?”, galdetzen dio bere buruari.

Sindikalismoa gertutik ezagutzen du, bere enpresan ELAko ordezkaria delako. “Hamar urte daramatzat lanean, eta lehenengo bostek ez nituen nire eskubideak ezagutzen. Norberaren eskubideengatik borrokatu behar da, baina horretarako lehenik eta behin hauek ezagutu egin behar dira. Egun batean, arduradunak esan zidan: "zuek bakarrik dakizue esaten 'bai' eta 'ados'. Nik esan nion: 'bai, egia da, baina egunen batean gauzak aldatuko dira, egun batean ezetz ere esango dizugu e. Ez ziguten jaiegunik edo oporrik ordaintzen. Oporretan zindoazela, nagusiak kontratua eteten zizun, bat atera eta bestea jartzen zuen. Nik esan nion: 'hau ez da Afrika, hemen Europan gaude, legeak eta eskubideak daude, zuk diozu nahi duzuna egiten duzula, baina hori ikusiko dugu.'

Hala ere, hau ez idealizatzearen garrantzia azpimarratzen du, hemen gauzak ez baitira errazak migratzen duenarentzat: “Europako legeak Senegalen baino hobeak dira eta, hala ere, nahiago dut han bizi lasaiago egoteko. Nire familia osoa han dago. Nola ekarriko ditut bakarrik emaztea eta seme-alabak ama bertan bakarrik utziz?”. Gainera, jendeak hemen ohituren ezberdintasuna ez duela begi onez ikusten azaltzen du: “Hona iristen zarenean integratu egin behar duzu, baina ez nire ohiturak aldatu. Senegaleko egoera ona ez bada ere, non egongo naiz lasaiago? Hemen lanean ari naiz nire familiari dirua bidaltzen, baina ez nago lasai. Ama eta anai-arrebak han badaude, beti egongo naiz kezkatuta.”

Berak argi dauka bere herrialdera bueltatzeko nahia: "Nahiago dut ni Senegalera joan eta han geratu.”