Okerreko lekuan bilatu nahia

2011/12/16
Abenduaren 18a, migranteen eta hauen senideen eskubideen aldeko nazioarteko Eguna

Herriaren hiztegian topikoak ez dira nolanahi sortzen, ez behintzat era inozentean. Topikoak zerbaitegatik hedatzen dira, interes oso jakinen arabera, eta horren xedea nahasmena sortzea da, are gehiago oraingoa bezalako krisi larri batean; ez dute nahi jendea jabetzerik bizi dugun atzeraldi soziala benetan zergatik gertatu den.

 

Topiko eta salaketekin pertsonarik ahulenak estigmaz markatuta geratzen dira, baina gainera (sarri nahi gabe bada ere) boterea legitimatzen da.

 

Langileok aski dakigu horretaz, baina gure artean agian immigranteak dira dardo pozoituen eta salaketen jomuga behinena. Nork ez du honelako esaldirik entzun: “Zergak urte askotan ordaindu ditut eta lehentasuna dut”; “merezi gabe, dena ematen diete”; “bere trasteak hartu eta joan bitez”; “gogaitu egiten naute”; “ez naiz eurekin fio”; “eurek baino gehiago merezi dut”; “lana kentzen digute”; “eurengatik egoera okerragoan nago”; “segurtasun eza ekarri zuten”; “ez dut zertan euren txirotasuna jasan behar”; “orain etxekoentzat baino ez dago lanik”...

 

Honelako esaldiak bidegabeak eta oinarririk gabeak izanik, kezkatu egin beharko ginateke diskriminazioaren kultura gure gizartean errotzen ari delako.

 

Hau diogu jarrera horrek gazte jendearen eta haurren ikuskeran eragina duelako, hots, nork bere beldurrak immigranteengan husten dituelako. Zer nolako ametsak eraikiko dituzte gure seme-alabek horrela? Zer amets, nagusitzen dena berekoikeria, diskriminazioa, xenofobia, arbuioa, zatiketa, beldurra, bazterketa edo solidaritaterik eza bada?

 

Horrelako osagaiekin ez dira ametsak sortzen, amesgaiztoak baizik. Haatik, beste zerbaitek beldurtu beharko gintuzke: gizarte zatituak, izutuak, edota atzeraldi sozialaren benetako ardura nork duen ikusteko gauza ez den jendarteak, atzeraldi horrek Euskera Herrian milaka lagun kolpatzen dituen langabezia, txirotasuna eta eskubide murriztuak ekartzen dizkigularik.

 

Zatikatzen eta ahultzen gaituen diskurtsoa onartuz gero, ezinezkoa izango da gure gizarteak bizi dituen arazoei aurre egitea. Beste ikusmolde bat hedatu behar dugu tabernetan, haur-parkeetan, ikastetxeetan, lantokietan, dendetan, txokoetan eta elkarrekin bizi garen edozein gunetan: besteekiko topaketa, bizikidetza, beste horien azala edozein koloretakoa dela ere, jatorria beste nonbait izan badute ere.

 

Horregatik, arazoaren zergatiaren bila alferrik gabiltza immigrazioa gatazkagai bihurtuz gero. Benetako gatazka soziala da, eta ez gaurkoa, antzinatik baitator; klaseen arteko gatazka historikoa areagotzen ari da gobernuen erabakien poderioz, euren kezka guztia bankuen eta enpresa handien exigentziei men egitea baita.

 

Arazoaren iturburua okerreko lekuan bilatzea nahi dute, eta ez dezagula aintzat hartu milaka emakume eta gizonen ekarpena, beren herri eta senideak halabeharrez utzi eta orain Euskal Herria hobetzeko ahaleginean ari baitira.

 

Horregatik, gure ustez bi konturi buruz gogoeta egitea dagokigu: lehena, aniztasuna.

 

Premiazkoa da bere hortan onartzea berton bizi dugun migrazio-prozesua; gizartean hainbat etnia, kultura, hizkuntza eta elkartzeko era desberdin dago. Honek ez du atzera bueltarik; munduan hartuemana etengabea da, eta ezin dugu jarraitu bereizketa egiten: “bertokoak” eta “kanpokoak”.

Bigarren kontua, berriz, ideologikoa, klase-hausnarketa bat dugu: Langileok batze gaituzten hainbat osagai badugu -batzutan uste duguna baino gehiago-, eta benetako lehia boterea dutenekiko da -politikoa, finantzarioa edo enpresetakoa dela ere-; gatazka soziala gure artean kokatuz gero, zatitu egiten gara. Egiazko gatazka ez baita immigranteen eta bertokoen artekoa, beste bat baizik: indartsu eta ahulen, aberats eta pobreen, eskubide eta injustiziaren, irabazle eta galtzaileen arteko norgehiagoka. 

Immigranteok ez dugu aberastasuna metatzen; ez dauzkagu bankuak gure esku; ez dugu ongizate-estatua suntsitzen; ez ditugu lan-baldintzak okertzen; ez dugu etxea erosteko hipotekarik ematen, ez zerbitzurik pribatizatzen... Ez ditugu ere aurrekontuak erabakitzen, beharrezko ez diren azpiegiturak barne (abiadura handiko trena, Pasaiako kanpo-portua, Super Sur saihesbidea...). Aitzitik, herri honetako klase xeheek bezala, erabaki politiko horien ondorioak pairatzen ditugu. 

Ez dugu nahi hitzok boterea salaketa hutsean geratzerik; gonbitea luzatzen dizuegu hausnartzera krisiaren ardurak behar den tokian koka ditzagun.

 

Beraz, 2011ko abenduaren 18 honetan, migrante langileen eta hauen senideen eskubideak aldarrikatzeko eguna dugunez, ELAk gobernuei dei egiten die pertsona guztiekiko izan behar duen ardura aintzat har dezan, edozein tokitan jaioak izanagatik, eta arbuiatu egiten du pobrezia eta gizarte-bazterketa areagotuko duen murrizteko erabaki oro.