Pertsonak sailkatzeak arrazismoa ekartzen du

2012/03/21
Atzerritarren inguruko legedia behin eta berriz aldatzea ohiko bihurtu da “lehen mundu” delakoa osatzen duten estatuetan. Lege horien arabera milioika pertsonaren eskubide unibertsalak urratzen dira, esaterako askatasuna eta berdintasuna, soil-soilik immigrante direlako. Lege horien xedea argia da, jende hau bigarren mailako herritar gisa sailkatzea, gizartean baztertzea harik eta kolektibo gorrotatu, jazarri eta alboratua izan arte. Kolektibo honen gainean gizarteko zati batek irudi arrazial jakin bat osatzen du: munduko pobreen irudia.

Arrazismo instituzionalak arnas ematen die legeei, eta hauek harresiak eraikitzen dituzte, eta oztopoak jarri; betiere, kontua batzuk eta besteak bereiztea da; pertsona batzuk besteen gainetik jartzen dituzte horrela, eta zentzugabeko nagusitasun sentipen bati lekua ematen zaio, horrek beldurra, ezjakintasuna eta ulertu ezina dakarrelarik.

Aukera hau ez dute alferrik galtzen pertsonak ikusi ez eta gogoan negozioa besterik ez dutenek. Migranteei konturatu gabe, azpiko mailan ikusten dituzte; “arraza” berri bateko izatea egozten zaie, eta jakinaren gainean edo konturatu gabe, azpiko mailan ikusten dituzte; "arraza pobre honek, gainera, gehigarri bat du: ahulak eta behartsuak dira, are, agiririk gabeak. Esplotaziorako hautagai aproposak, beraz.

Egoera honen ondorioz, besteak beste, estereotipoak zabaltzen dira, zoritxarrez gizartearen zati batek sarri erabiltzen dituen estereotipoak, jakinik mespretxuzko hitzek edo funtsik gabeko salaketek oraindik ez dutela arbuiorik edo erantzun irmorik eragiten.

Bitartean, pobreen arraza horretako ehunka pertsona hiltzen da egunero, “Dorado”aren bila, hots, bizimodu hobe bat lortzeko ametsetan. Heriotza pateratan, basamortuan, errepidean, lantoki batean edo obra batean gerta liteke.

Amets horretarantz doazela, gutxietsi eta kaleratuak bihurtu dira; iruzurraren eta xantaiaren tranpan harrapatuta, eta bizirauteko irtenbide bakarra, esplotazioa, eskaintzen duen errealitate baten baitan.

Halaber, arraza pobre horretako pertsonak Atzerritarrak Barneratzeko Zentro batean giltzapera ditzakete, CIE delako batean. Hots, tratu txarrak, laidoak eta are heriotzak ere gerta daitezkeen espetxe moduko batean. Zergatik, eta arauhauste administratibo batengatik: paperik ez izatea, alegia.

Zoritxarrez, hau guregandik uste baino askoz hurbilago gertatzen da. Ez soilik Erdialdeko Amerikan, baizik hementxe bertan, Europan: eskubide sozialetan atzera egin ahala arrazismoa eta xenofobia nola hedatzen den ikusten dugun Europa honetan.

Errealitate honen aurrean ezin dugu ezikusiarena egin; arrazismo adierazpideak normaltzat hartzea ezin dugu onartu, eta salatu egin behar dira arrazismo instituzionalizatuaren politikak. Horregatik, martxoaren 21ean, arrazismoa eta xenofobia salatzeko egunez, gizarte honetan guztiontzat lortu ditugun eskubideak bermatuko dituzten zinezko politikak exijitu behar ditugu.