Txirbilenea Kulturgunea

Sestaoko Udalak agindu du ostatu hartzen zuten 16 emakumeak eta haien familiak kanporatzea eta espazioa ixtea

2024/10/31
ELAk salatu du Sestaoko Udalak agindu duela Txirbilenea Kulturgunean ostatu hartzen zuten 16 emakumeak eta haien familiak -etxebizitza eta errolda lortzeko zituzten arazoengatik daude bertan- bertatik kanporatzea. Udalak, gehienez, 5 eguneko epea eman die, eta ez die alternatibarik eskaini. Funtsean, 16 familia kale gorrian utziko ditu udalak, eta Kulturgunea itxiko du. Martxoan, Sestaoko Udalak alternatibarik eskaintzen ez ziela ikusita, kultur etxeko batzarrak erabaki zuen hainbat emakumeri eta haien familiei Txirbileneako espazioan bertan ostatu ematea. Izan ere, hasiera-hasieratik, Sestaoko Udalak ez du inolako jarrera aktiborik erakutsi egoera horri irtenbide bat emateko, errolda eskatzera joan zirenean ere ukatu egin baitzitzaien.

Gauzak horrela, ELAk familia horientzako etxebizitza alternatiba bat exijitu du, baita etxebizitzaren inguruan dagoen egiturazko arazoari konponbidea ematea ere. Halaber, datozen egunetan egingo diren mobilizazioekin bat egiteko deia egin du.

ELA Emakume Migratu Feministak Sociosanitarias elkarteko kideekin bildu zen Txirbilenean. Bertan azaldu zioten zer nolako arazoak zituzten migratutako pertsonek, eta bereziki emakumeek, etxebizitza eta errolda lortzeko.