"Zorretan gaude etxeko langileekin" #STOParrazakeria

2019/03/21
ELAk formazio jardunaldia antolatu du Bilbon, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta. ‘Mujeres, migradas, cuidadoras… caminos de opresión. Antolatuz, aldaketa loratu!’ lelopean euren jatorrizko herrialdea utzi eta Euskal Herrira etorri diren hainbat emakumeren lekukotza entzun ahal izan da.

Lehendabizi ELAren berdintasun saileko kide Jone Bengoetxeak hartu du hitza. Bengoetxeak jardunaldiaren parte-hartzaileak aurkeztu ostean –Katia Henríquez (egun ELA sindikatuko kidea), Paula Morales (etxeko langile internoa) eta Conny Carranza (herri ekintzaile feminista)–, sindikatuak etxeko langileekin duen zor historikoa aipatu du. “Gaurko egunean etxeko langileei ahotsa eman nahi diegu. Sindikatuak zor historikoa du langile hauekiko. Espero dugu gaurkoak gure arteko elkarlanean sakontzeko balio izatea".

Katia Henríquez gaur egun Zerbitzuak federazioko ordezkari da Eskumaldean. Henríquezek badu aspalditik zaletasun bat: argazkilaritza. Azken hilabeteetan Euskal Herriko hainbat herritan ikusgai egon den ‘13 + 1 Migrazio eta zainketa bideak’ argazki erakusketaren egilea da; bertan egun Euskal Herrian bizi diren hamalau emakume latinoamerikarren sentimenduak jasotzen dira. “Erakusketaren helburua? Plazaratzea eta ezagutzera ematea emakume horiek egungo euskal gizartean egiten duten lana, eta horrekiko sentsibilizazioa sortzea. Ametsak, mina, kuraia, ausardia, samurtasuna… jorratu nahi izan ditut, nostalgiaren eta itxaropenaren artean emakume horiek egiten duten borroka ikusgai jarri. Baina maitasun-istorioak ere kontatu nahi izan ditut”.

“Hasieran gauza positiboak bakarrik kontatu nahi nituen, baina emakume horietako bakoitzarekin hitz egin ondoren jabetu nintzen haien istorio askoren atzean dagoen gogortasuna ere erakutsi beharra zegoela. Erakusketaren asmoa ere bada gisa honetako emakume guztiei antolatzeko eta borrokatzeko tresnak ematea ere bada”.

Ondoren Conny Carranza mintzatu da. Mezu positiboa igorri nahi izan du, emakume hauek ahalduntze prozesuan daramaten borroka goraipatuz. “Antolatzen ari gara, ez dugulako subjektu pasiborik izan nahi, ahotsa dugun subjektu aktiboa baizik. Migrazio ekintza bat berez indarkeria da, jaio ginen inguruarekin apurtzea suposatzen duelako. Horrek mina eta samina eragiten du, eta hori areagotu egiten da kasu askotan mehatxu baten gisan ikusten zaituen beste gizarte batetara joan behar duzunean”.

Connyk urte asko daramatza emakume migranteekin lanean. “Noski, mota guztietako kasuistikak daude, ez dago emakume migratzailearen perfil bakarra. Hau esanda, gurean dauden asko eta asko etxeko langileak dira, sistema kapitalistaren biktima bikoitzak diren emakumeak. Ezin dugu ahaztu kapitalismoak suntsitu dituen herrialde ezberdinetatik etorritako pertsonak garela. Emakume hauen borrokak gure kaleetan egon behar du, bai, baina baita gure agendan eta egunerokotasunean”.

Formazio jardunaldiari amaiera emateko Paula Moralesek hartu du hitza. Paula Guatemalan jaio zen, eta duela lau urte etorri zen, bertan bost urtetako semea utzita. Egun Getxoko etxe batean ari da lanean, interna bezala. “Nire herrialdean nuen egoera jasangaitza zen. Lehen urtea oso gogorra izan zen, lana topatzeko arazo askorekin. Kalean kartelak jartzen nituen neure burua lanerako eskaintzen, eta mota guztietako deiak eta erantzunak jasotzen nituen, kasu askotan proposamen sexualak ere jaso nituelarik”.

“Sarri askotan objektu bat bezala gara; lo egiteko logela propioa ere ez duten etxeko langile asko dago. Plantxa eta etxeko tresnak gordetzen diren txokoan lo egiten duten langileak badaude. Nire kasuan, orain badut nolabaiteko egonkortasun bat, baina Euskal Herrian lanean aritu nintzen lehen urtean zortzi etxeetan aritu nintzen. Apurka-apurka antolatzen ari gara, baina oso zaila da, eguneko 24 orduak lanean aritzen garelako, eta oso tarte gutxi libratzen dugulako”. Horregatik, zailtasun hauen aurrean, ELA bezalako sindikatuen laguntza behar dutela aipatu dute guztiek, ahalduntze prozesu honetan bide-lagun izateko.