Mecaner (Urduliz)
“Ezkutuko deslokalizazioa da, argi eta garbi”
Irailaren 1a udako oporren osteko lehen laneguna da jende askorentzat. Baita Mecaner SAUn ere. Urdulizen dagoen trokeldegi historikoa da eta duela 60 urte baino gehiagotik ari da automobilgintzan. Hala ere, irailaren 1 horretan, Mecanerren lan egiten duten 148 pertsonentzako –144 langile zuzen eta beste 4 azpikontratatu– txarrena ez zen izan lanera itzuli behar izatea. Egun horretan, Mecaner kide duen Stellantis multinazionalak Urdulizko lantegia itxi egingo zuela iragarri zuen, ez dela bideragarria argudiatuz. Aitzakia hori ez da sinesgarria, Mikel Bilbao Eskumaldeko Industria eta Eraikuntza arduradunak azpimarratu duenez.
“Mecanerrek 600.000 euroko irabaziak izan zituen 2023an. Eta hori Stellantis taldeko beste enpresa batzuentzat bakarrik lan eginda, eta multinazionalak berak jarritako prezioekin. Horrelako multinazionalek prezioekin jokatzen dute. Horrela, finantza-ingeniaritza egin dezakete talde beraren barruan, enpresa jakin batek mozkin gehiago izan ditzan edo beste batek galerak izan ditzan. Halaber, ezin dugu ahaztu Stellantisek 16.000 milioi euroko irabaziak izan zituela. Errentagarria ez izatearen kontu hori ez da sinesgarria”.
Orduan, zergatik itxi nahi du Stellantisek errentagarria den eta milaka euroko irabaziak ematen dituen Mecaner bezalako trokeldegia? Mikel Bilbao galdera horri erantzuten saiatzen da. “Ezkutuko deslokalizazioren aurrean gaude, argi eta garbi. Enplegu-erregulazioko espedientea iragarri aurretik, enpresak denbora zeraman Urdulizko lantegiko lan-karga husteko prozesuan. Horretarako, hasiera batean Mecanerri esleitutako lanak taldeko beste lantegi batzuetara desbideratzen hasi ziren. Are gehiago, Mecanerren egiten ziren lanak taldekoak ez ziren beste trokeldegi batera azpikontratatu zituzten. Uztailean, enplegu-erregulazio espedientea iragarri baino hilabete lehenago, hurrengo hitzarmena negoziatzen ari ginen. Enpresak % 5,1eko soldata-igoera eskaini zuen, baina ez genuen onartu, ez zelako KPIa bermatzen. Izan genuen hurrengo albistea enpresa ixteko asmoa izan zen”.
“Gertatu dena ulertzeko, Stellantisek zelan funtzionatzen duen jakin behar da. Multinazional hau Fiat Chrysler Automobiles enpresa italiar-estatubatuarraren eta PSA talde frantziarraren arteko fusioaren edo, hobeto esanda, lehenengoak bigarrena xurgatu izanaren, emaitza da. PSAk historikoki trokelgintza prozesu osoa Txinan egin du, ekonomia hutsagatik. Gero, pieza horiek Europara ekartzen dituzte amaitzeko, bertan baititu autoak muntatzeko lantegiak. Mecanerren trokelaje-prozesu osoa egiten da, hasieratik bukaeraraino. Horregatik, argi dugu itxiera eta deslokalizazio prozesu argiaren aurrean gaudela. Trokelgintza prozesu osoa kendu eta Txinara eraman nahi dute, merkeagoa omen delako”.
Borrokarako gogoz
Mecaner ixteko proposamena ezagutu bezain laster, ELAk greba mugagabea proposatu zuen. Gainerako sindikatuek ez zuten proposamen horrekin bat egin. “Guk bederatzitik bi delegatu ditugu. Lehen minututik argi izan genuen greba mugagabea zela erantzuteko modurik onena, baina gainerako sindikatuak ez ziren bat etorri proposamenarekin. Kontuan hartuta enplegu-erregulazio espedientearen prozesua martxoan hasi zela, greba mugagabea, aurretik akordiorik ez bazegoen, gutxienez sei hilabeteko greba zen, erresistentzia-kutxa ona ez baduzu horrek eragiten duen kostu ekonomikoarekin. Beraz, lehen hilabeteetan langileek astean egun batean edo bitan egin zuten greba. “Gehiago izatea gustatuko litzaiguke, baina ondo dago”. Ulertu nahi duenak…
Hala ere, denbora aurrera zihoala ikusita, eta presioa areagotu beharra zegoenez, urtarrilaren 29an greba mugagabea deitzea erabaki zuen ELAk. “Proposamena gainerako sindikatuei helaraziko diegu. Greba mugagabearekin bat egiten badute, primeran. Bestela, bakarrik jarraituko dugu deialdiarekin”.
Testuinguru horretan, Mikel Bilbaok uste du langileen erantzuna oso positiboa izaten ari dela. “Greben jarraipena handia izaten ari da, eta mobilizazioetara langile asko etortzen dira. Borrokan jarraitu behar da, eta uste dugu presioa handitzeko moduan gaudela industria-proiektu horri eustea lortzeko”.
Etorkizunaren alde borrokan
Langileak askotan saiatu dira enpresarekin harremanetan jartzen, baina alferrik. Dakiten gauza bakarra da martxoan enplegu-erregulazio espedientea jarriko dela martxan, baina hortik harago ez dakite zer asmo duen Stellantisek: enpresa salduko duen ala ez, bestelako zerbait aurreikusi duen... “Ildo horretan, dakigun gauza bakarra da enplegu-erregulazio espedientearen kontsultaldia martxoaren 4an hasiko dela. Horregatik eman ziguten irailaren 1ean lantegia ixteko asmoaren berri. Legeria berriarekin, gutxienez sei hilabete lehenago jakinarazi behar dira 50 pertsona baino gehiagori eragiten dieten edo enpresa ixtea dakarten EEEak”.
Harremanak Gobernuekin eta arduradun politikoekin
Gainera, langileek hainbat bilera izan dituzte hainbat arduradunekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Yolanda Díaz Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroarekin, besteak beste. “Eusko Jaurlaritzak esan digun gauza bakarra da egoera kritikoan dauden beste enpresa batzuekin egiten duen bezala, inbertitzaileak bilatzen saiatuko dela. Ohiko prozedura bete beharko litzatekeela baino ez du adierazi, inolako konpromiso zehatzik gabe. Gaur-gaurkoz, ez dugu horren inguruko inolako erantzunik edo konpromisorik”.
“Bestalde, plantilla Yolanda Díazekin bildu zen abenduan. Komeni da gogoraraztea duela urtebete Diazek 2012ko lan-erreformaren kaleratze-araudia aldatzeari uko egin ziola. Rajoyren lan-erreformak irabaziak zituzten enpresetan kaleratze kolektiboa erraztu zuen. Diazek kaleratzeak galaraziko dituzten konpromiso zehatzak hartu beharko lituzke bere gain. Ez dezagun ahaztu iazko lan-erreforman Diaz ministroak uko egin ziola 2012koa indargabetzeari. Hau da, ez zuen aldatu irabaziak dituen enpresa bat ixteko aukera ematen duen legeria. Ez gara lanpostuak defendatuko dituen politika ezberdinaren beharra aldarrikatzeaz nekatuko. Horretarako ezinbestekoa da erakundeen konpromisoa”.
Zailtasunak zailtasun, Mecaner enpresako langileek ez dute amore ematen eta bere etorkizunaren alde borrokatzen jarraituko dute. Hala baieztatu du Mikel Bilbaok. “Enpresa hori oso garrantzitsua da eskualde osorako. 60 urte baino gehiago eta 500 langile inguru dituen enpresa batez ari gara. Gainera, gaur egun enpresa horretan lan egiten duten askok 50 urte inguru dituzte, eta, beraz, enpresaren itxierak zaurgarritasun- eta ziurgabetasun-egoera berezian utziko lituzke etorkizunera begira”.