INDUSTRIA KIMIKOA

“Mitoa da estatuko hitzarmena mugiezina denik” #Landeia

2023/11/14
Hego Euskal Herrian, kimikaren arloan lan egiten dutenen lan-baldintzak negoziatzea. Hori da ELAren helburua. Horretarako, mobilizatzeko dinamika betean murgilduta dago sindikatua. Irati Bañuelos eta Sergio Vázquez Industria eta Eraikuntza federazioko arduradunek Hego Euskal Herrian ia 24.000 pertsona enplegatzen dituen sektore honen egoera aztertu dute.

Laburbildu dezagun: 2024an berriro negoziatu behar da Kimika arloko estatuko hitzarmena. Soldata baxuak eta lanaldi luzeak dituen hitzarmena da, langileentzat kaltegarriak diren beste alderdi askoren artean. Azken batean, sektoreko enpresen egoera eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako errealitate sozio-ekonomikoa islatzen ez dituen hitzarmena da.

ELAren helburua Euskal Herriko errealitate sozio-laboralari lotutako probintzia-hitzarmenen negoziazioak hastea da. Bidea ez da erraza izaten ari, Sergio Vazquezek azpimarratu duenez. “Duela hainbat hilabete sindikatuen arteko prozesuari ekin genion, Euskal Herrian sektoreko negoziazio-mahaiak irekitzeko. EAEn, negoziazio-prozesu bat irekitzeko gutxieneko akordioa lortu genuen LAB, CCOO eta UGTrekin, baina Nafarroan ez. Irailaren 26an CRLn bildu ginen sektoreko patronalekin, Confebask, Adegi, SEA, Cebek eta AVEQrekin”.

“Bileran, patronala harritu egin zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sektorearen negoziazioa aktibatzeko gure jarreraren aurrean. Aditzera eman ziguten ezin dutela, baina baita nahi ez dutela ere. Sakoneko arazoak argudiatu zituzten, hala nola hitzarmena indarrean dagoela eta legez kanpokoa dela lurralde-esparru negoziatzaile txikiagoa –probintzia edo autonomia mailakoa– irekitzea, enpresa bakoitzean negoziatu daitekeen arren. Baina, ezin dutela esateaz gain, ez zutela nahi ere argi utzi zuten”.

Arazo bikoitza, sindikala eta patronala

Ordaintzaile txarraren aitzakiak. Sergio Vazquezek sektoreko patronalek azaltzen dutenaren oso bestelako ikuspegia du, izan ere, hitzarmen bat egiteko Estatukoa ez diren eremuak ireki daitezkeela uste du. “Hori jasotzen du Langileen Estatutuaren 83.2 artikuluak, eta 2017ko Lanbide arteko Akordioan ere jasotzen da. Izan ere, lan baldintzen negoziazioa hona ekartzeko konpromisoa jasotzen da bertan”.

Jarrera hori berresteko, bi adibide jarri ditu. “Sektore horretan bertan, industria kimikoan, hitzarmen autonomiko propioa dago Kantabrian, han negoziatua eta adostua. Ez naiz edukietan sartuko, eskasak baitira, baina Kantabriako adibideak argi uzten du mitoa dela Estatuko hitzarmena mugiezina denik. Baina, gainera, metalaren hitzarmenari ere erreparatu diezaiokegu. Metalean ere estatu-hitzarmen bat dago. Metalaren hitzarmen probintziala negoziatzen dugunean, inork ez du esaten, “ez, ezin da hitzarmen probintziala negoziatu, estatuko hitzarmen bat dagoelako”.

Akordio sindikalik ez Nafarroan

EAEn, teorian, CCOO eta UGT esparru probintzialak irekitzearen alde daude, baina Nafarroan egoera desberdina da. Foru Erkidegoan, UGTk –% 27,54– eta CCOOk –% 24,32– dute gehiengoa sektorean (2023ko ekaineko datuak). Irati Bañuelos da Nafarroako Federazioaren arduraduna. “Nafarroan ere ahalegindu gara sindikatuen arteko akordioa lortzen, EAEn bezala, baina ezinezkoa izan da. Gure proposamenari erantzun dion sindikatu bakarra LAB izan da, eta Nafarroan hitzarmena negoziatzeko esparrua irekitzearen alde agertu da. UGTk eta CCOOk ez digute erantzun formalik ere eman. UGTri eta CCOOri buruz dugun berri bakarra euren webgunean (UGT) atera zuten ohar bat, eta hitzarmena Madrilen negoziatu behar dela eta ELAk Nafarroako sektoreko langileak abandonatzen dituela dioen enpresetan banatzeko ohar bat (CCOO) dira. Surrealista”.

Egoera horren aurrean, ELAk –ordezkagarritasunaren % 27,05– mobilizazioei ekin die. “Enpresa Batzordeak hitzarmena Nafarroan negoziatzeko gure planteamenduarekin bat etortzea planteatzen ari gara. Kalean dinamika mobilizatzailea garatzen ari gara, baina sektorean ditugun ordezkariekin ere asko hitz egiten ari gara. Nafarroako gure jendeak badaki bere lan-baldintzak hobetzeko enpresa bakoitzean borrokatu eta hitzarmen onak lortu behar dituela, baina, hori horrela izanda, batasuna eta borroka komuna oso positiboa da, Estatukoa izango ez den hitzarmena negoziatzeko esparru propioa irekitzeko”.

“Nafarroan –gehitu du Irati Bañuelosek– arazo bikoitza dugu, sindikala eta patronala. Gaur egun ez dugu gehiengo sindikalik sektorean, LABekin batura % 44,17koa da eta. Horrez gain, Estatuko hitzarmenarekin oso eroso dagoen patronala daukagu, hori oparia baita bere interesetarako”.

Sektore feminizatua, sektore prekarizatua

Kimika arloko hitzarmena industria-sektoreko hitzarmenik txarrenetakoa da. Sergio Vazquezek eta Irati Bañuelosek nabarmendu dutenez hori ez da kasualitatea. “Kimika arloa industriako sektore feminizatuenetakoa da. Ez dugu esango sektorean emakumeak gehiengoa direnik, baina bai, alde handiarekin, emakumeen ehunekorik handiena duen industriako sektoreetako bat dela. Plantilletan gehiengoa emakumeak diren edo oso ehuneko handia emakumeak diren enpresak ditugu”.

Hilabete gutxi falta dira Kimika arloko estatuko hitzarmena berriro negoziatzeko. 2024 oso gertu dago. Bien bitartean, ELAk Euskal Herrian industria kimikoan lan egiten duten milaka pertsonentzat –17.000 EAEn eta 6.600 Nafarroan– borrokan jarraituko du, beren lan eta bizi baldintzak hobetu ditzaten.